Arrasateko Ttakun txapalaparta taldeak txalaparta ikastaroa antolatu du maiatzaren 15, 22 eta 29rako. Saioak adin guztiei zuzenduta daude eta hiru ostegunetan burutuko dira Kulturolan, 18.00etatik 20.00etara
Izena emateko epea zabalik dago udaletxeko webgunetik galdetegi bat betez (https://izenemateak.arrasate.eus/eu/txalaparta-ikastaroa-2/). Tailerrak 15 euroko prezioa du; hamar euro, aldiz, ikasle zein langabetuentzat. Inskripzioak egiteko azken eguna maiatzaren 12a izango da.

Ikastaroan iragartzen duen kartela.
1990etik txalaparta ikastaroak martxan
Arrasateko lehen txalaparta ikastaroa 1990ean eman zen eta ordutik 500 ikasle baino gehiago pasa dira guztira saioetatik. Gazte Bulegoan, San Isidron, Gaztetxean, Emakume txokoan eta Monterronen eman izan dira tailerrak urte guzti hauetan, eta aurtengoa Kulturolan izango da.
Ttakun Txalaparta taldeak 32 urte beteko ditu aurten eta inoiz baino kide gehiago ditu taldean. Gaur egun, 30 'ttakunkidek' osatzen dute taldea eta azken urteetan hazkunde handia izan du. “Aurrera begira transmisioa izango da erronka nagusia. Euskal herriko altxorra dugun txalapartaz gozatuko duten belaunaldi gazteak erakartzea, txalaparta beraiena eginez eta beraien bide propioetatik landu dezaten”, azpimarratu dute Ttakuneko tadekideek.