Asteazkenean osoko bilkura egin zuten Urretxun. Gai zerrendan ez zegoen gai bati eskaini zioten denbora gehien: erregu eta galderetan EH Bilduko Jon Altolagirrek Zumarragan martxan jarri duten Txiki-Txokori buruz galdetu zuen eta eztabaida piztu zen.
Martxoaren 14an Zumarragako alkateak prentsaurreko bat egin zuen Txiki-Txokoren (0-3 urteko haurrentzako eta beraien zaintzaileentzako aisialdi gunea) balorazioa egiteko.
Zerbitzuan izena eman duten 32 famili Urretxukoak direla eta zerbitzua ekainera arte luzatuko dutela esan zuen. Asteazkeneko osoko bilkuran, Altolagirrek Urretxuko Udalak egitasmo horrekin bat egiteko asmoa al duen galdetu zion gobernu taldeari. Horretaz gain, Txiki-Txokoren sorrera bultzatu duen Lepaka guraso elkartearen lana txalotu zuen.
Jon Luqui alkateak bere garaian Lepakarekin elkartu zirela eta lokal bat eskaini zietela erantzun zion. “Aspace tokialdatzen denean lokal horretara joatea eskaini genien, baina Zumarragako Udalera jo zuten. Nahastea egon zen, baina uste dena baino elkarlan handiagoa dago. Urretxun aukera hori eman genuen, baina Zumarragak hor jarraitzea erabakitzen badu, hor jarraituko du. Bi udalen arteko konpromisoa dago eta, elkarrekin lan egiten dugun gainontzeko egitasmoetan bezala, %40a ordaintzeko asmoa dugu”.
Urretxuko Udalak haur, nerabe eta gazteekin lan egiten duela gogoratu zuen. Nerabeentzako Gazte Bidean zerbitzua Urretxuk eskaintzen duela aipatu zuen eta gaztetxeaz ere hitz egin zuen. “Landu beharreko gaia da. Egun klub pribatu bat da. Horren inguruko parte hartze prozesu bat martxan jarri nahi dugu”, aurreratu zuen.
EH Bilduri Zumarragako osoko bilkuran galdetzen ez dituzten gauzak Urretxuko osoko bilkuran galdetzea leporatu zion. “Atzo osoko bilkura egin zuten Zumarragan. EH Bilduk Txiki-Txokori buruz galdetu al zuen?”. Altolagirrek bera Urretxuko zinegotzia dela eta, horrenbestez, Urretxun galdetzea dagokiola erantzun zuen.
Altolagirreren erantzuna ez zuen ontzat eman. “Aspalditik egiten ari garen bidea da. Errespetua eskatzen dut. Gaur egin duzuen galdera batzordean erantzun genuen. Bi herrien arteko elkarlana sustatu nahi dugula diogu, baina ahal duzuen guztietan eztena sartzen duzue. Galdera hori beste osoko bilkura eta herri batean egin behar da. Galdetu behar den tokian galdetzeko esan nizuen. Baita Zumarragarekin hitz egingo dugula ere. Baina talde eragileek udaletxeko atea zabalik dute eta beste ate batetik sartzen dira udaletxera”.
EH Bilduko Julen Azpeitiak nahi dutena galdetzeko eskubidea dutela gogoratu zuen. “Zumarragako EH Bildu Zumarragako EH Bildu da eta Urretxuko EH Bildu Urretxuko EH Bildu da. Koordinatuta gaude, baina bakoitzak bere estrategia du. Gu Urretxuko EH Bildu gara eta galderak Urretxun egiten ditugu”.
Ez zuen Luqui lasaitu. “EAJkook Urretxun eta Zumarragan dena koordinatuta egiten saiatzen gara. Ez dizut sinisten Urretxuko EH Bildu eta Zumarragako EH Bildu bi ente ezberdin direnik. Osoko bilkura nahi duzuen guztirako erabili dezakezue, baina galdera erantzunda zegoen”.