Gipuzkoa

Txikilandia haurren gozagarri izango da urtarrilaren 2tik 4ra arte

Arrasateko Gabonetako parkeak Porrotxinen 15. urtebetetzea ospatuko du Amaia antzokiko oholtzan
Porrotx eta Porrotxin Txatxilipurdiko ordezkariekin. | ARGAZKIA: TXATXILIPURDI.

Musakolako igerilekua, Uarkape pilotalekua eta gaztetxea jolasleku bihurtuko dira urtarrilaren 2tik 4ra bitartean. Arrasateko Gabonetako parkea, Txikilandia, ekintzaz josita dator, pandemia aurreko itxura berreskuratuz. Txatxilipurdi Elkarteak antolatutako parkeak 32. edizioa beteko du 2023ko lehen egunetan. Ipuin txokoa, ohe elastikoak, puzgarriak, karaokea, gela iluna eta parkour gunea izango dira, besteak beste, etxeko txikienen gozamenerako.

Urtarrilaren 2an, goizez, haurrak igerilekuetako uretan murgilduko dira jolasteko (10.30etik aurrera), eta arratsaldez, aldiz, Uarkapen elkartuko dira. Hurrengo bi egunetan pilotalekuan zein gaztetxean izango da hitzordua.

Txatxilipurditik azaldu dutenez, egitarauaren baitan egiten den ikuskizunak Porrotxin pailazoaren 15. urtebetzea ospatuko du Amaia antzokiko oholtza gainean, urtarrilaren 3an (18.30ean; bi euro pertsonako). Herriko eragile ezberdinekin batera, eta baita Porrotxen parte-hartzearekin ere, Porrotxin zorionduko dute. Beñat Barrutia arrasatearra dago pertsonaia honen atzean.

‘Ekintzen laborategia’

Bestalde, bederatzi urtetik gorakoei zuzendutako Ekintzen Laborategia egitasmoa gerturatuko dute tren geltoki zaharrean dagoen gaztelekura, urtarrilaren 2tik 4ra arte.

31/12/2022