Buscar
Gipuzkoa

Txintxarri abesbatzak botako du Alegiako jaietako txupinazoa

Ostegunean 19.00etan udaletxean suziria jaurti ondoren igandera bitarte luzatuko dira aurten festak
Txintxarri abesbatzaren azken kontzertua. | ARGAZKIA:N.G.
Txintxarri abesbatzaren azken kontzertua. | ARGAZKIA:N.G.

Bi urtez nahi bezala ospatu ezinda egon ostean, bueltan dira Alegiako jaiak bere osotasunean. Uztailaren 14tik 17ra, ostegunetik igandera, ospatuko dira aurten.

Haurren Santos Torneoko finala jokatuko da ostegunean 17.00etan eta 18.30etik aurrera Bonberenea Txarangak girotuko ditu kaleak. 19.00etan Txintxarri abesbatzako kideek jaurtiko dute jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa. 62 urteko ibilbidearen ondoren, azken kontzertua eskaini dute eta festa batzordeak ere aitortza eskaini nahi izan dio. Behin jaiak hasita, Holi Festa izango da eta zahagiardoaren ostean Sutarri dantza taldearen emanaldia 22.00etatik aurrera plazan. Lehen eguna Joxe Mendizabalen erromeriarekin amaituko da.

Ostiralean Giroarte dultzaina taldearen dianak esnatuko du herria, eta jubilatuak eta gaztetxoak izango dira protagonista nagusiak. Jubilatuek mendi martxa egingo dute, hirugarren adineko gimnasian aritzen direnek erakustaldi bat eskainiko dute eta behin lanak amaituta, eguerdian hamaiketakoa izango dute. Gaztetxoek berriz, 11.00etatik aurrera haur parkea izango dute eta 11.30etik aurrera nerabeentzako Konkis Txiki egingo da futbol zelaian. Eguerdian nerabeen 0,0 Zahagiardoa egingo da eta arratsaldean haur parkeak jarraipena izateaz gain, merienda eta play-backa izango dira Larraitz auzoko plazan. Alegiako erraldoiekin kalejira bat egingo da plazara eta bertan toka txapelketa jokatuko da 19.00etan. Ostiraleko zahagiardoa zubian izango da eta gauerako bi hitzordu aurreikusten dira. 22.00etan Alegiako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira Elorri pilotalekuan eta gauerditik aurrera Nikotina eta Skabidean taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Larunbatean, besteak beste, Alegiako erraldoien kalejira, ohiko sagardo dastaketa, 3x3 saskibaloi torneoa, bertso saioa plazan eta zahagiardoa izango dira, eta egunari agur esateko gauean DJ Oizederren saioa izango da plazan.

Igandeari herriko txistularien kalejirarekin emango zaio hasiera. Egitaraua osatzeko, Demode Quartet taldea, apar festa eta herri kirolen ohiko hitzordu nagusia ere izango dira. Amaitzeko, Gabenara taldearen erromeria eta zahagiardoa iragarri dituzte. Gauerdian Txintxarria erre eta jaiak agurtuko dira. – M. San Sebastian

2022-07-12T05:56:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo