Gipuzkoa

Txirikordarako eskaerak aurkezteko epea, 28ra arte zabalik

Esleipena Usurbilgo gazteen artean zozketaz egingo da eta helduen kasuan, baremazioz
Txirikorda belaunaldi arteko eraikina, obretan. | ARGAZKIA: N.G.

Txirikordan, Usurbilgo belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioan, bizitzeko eskaerak aurkezteko epea otsailaren 28ra arte zabalik egongo da. Interesa dutenek udal webgunetik deskargatu daitezkeen eskari orriak bete beharko dituzte, euren adinaren arabera, eta udaletxean edo zerbitzu telematikoen bitartez aurkeztu.

Izena ematen dutenen artean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da epea amaitzen denean, eta alegazioak egiteko tartea ere izango dute.

Esleipen moduari dagokionez, kolektiboaren arabera egingo da. Gazteen kasuan, zozketa bidez gauzatuko da. Gehienez, bost urteko iraupena izango dute kontratuek eta ez dira luzagarriak izango.

Esleipena egiten den unean 18 eta 30 urte bitartean izatea eta etxerik jabetzan ez izatea izango da sartzeko baldintza, Usurbilen bi urtez erroldatuta egotearekin batera.

Helduen kasuan, aldiz, baremazio bidez esleituko dira, udaleko gizarte langileek egindako txosten baten bidez: ordenantzan finkatu dituzte baremazioko aldagaiak ere. Bost urterako izango dira kontratu horiek ere, baina helduen kasuan luzagarriak izan daitezke, etxea esleitu orduko egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Helduei dagokienez, bi urtez egon beharko dute ere Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Kolektiboren baten kasuan, etxebizitzak hasieratik beteko ez balira, erreserban utziko lirateke, belaunaldiartekotasun izaera ez galtzeko.

Alokairua, gehienez ere, diru-sarreren %15 izango da, ordenan-tzan jaso dutenez.

15/02/2023