Buscar
Vida y estilo

Txokoan ‘dejada’

684 udalerrik osatzen badute Euskal Herria, zenbat frontoi ditugu gure lurraldean? Zelakoak dira? Zer funtzio betetzen dute? Edo zer funtzio betetzen zuten? Zer egin hauekin?
Verne estudioak Alejandro Maortuarekin egin du frontoia.
Verne estudioak Alejandro Maortuarekin egin du frontoia. / Ander Zanguitu

Wikipedian arakatuz, hiru motakoak izan daitezke frontoiak: plazak, ezkerparetak eta trinketeak. Lehenak, pareta bat izaten dute, gutxienez. Batzuetan, horrekiko paraleloa den beste pareta bat ere izaten dute, atzean. Bigarrenak, aldiz, aurreko paretaz gain, ezkerraldean beste pareta bat dute, hori da horien ezaugarri nabarmenena. Atzean beste pareta bat ere izan dezakete, baina eskuin aldea irekia izaten da. Estaliak edo irekiak izan daitezke. Luzeraren arabera, hiru motatakoak izan ohi dira. Eta, hirugarren motatakoak, trinketeak, lau paretaz inguratuak izaten dira, eta ikusleak ezartzeko gune bat dute ezkerraldean, teilatutxo batez estalia.

Gure herrietan kokatzen diren frontoiak, arkitektonikoki behintzat, ez dira oso interesgarriak eta arrazoi ezberdinak egon daitezke honen atzean. Alde batetik, hauek beraien funtzioa galdu dute eta azken hamarkadetan beste mila erabileretarako erabiltzen dira: bertso saioak, herri bazkariak, kontzertuak, jolastokia, antzerkiak... eraikitzerakoan, aldiz, mimo eta kalitate gutxiko materialekin egin dira. Eta orokorrean, hauen eskala eta eraiki-tzeko erabiltzen diren teknikak direla eta, ingurune hurbilarekin bat ez datozen eraikuntzak dira, estetikoki oso pobreak.

Aguilar de Kodesen azken hamarkadetako pilotalekurik interesgarriena eraiki dute, ikuspegi estetikoki batetik behintzat. Nafarroako 66 biztanleko herria da, Erdi Arokoa, eta Kodes mendilerroaren oinetan kokatzen da. Verne estudioak Alejandro Maortuarekin elkarlanean egin duen proiektua pekuliarra da. Eraikuntza aldetik, aberatsa eta oso fina da. Erabiltzen diren eraikuntza sistemak oso interesgarriak dira, sinpleak eta elementu bakoitzak zelan funtzionatzen duen galde-tzera bideratzen zaitu. Egitura-hormak aurrefabrikatutako hormigoizko pieza handiekin eraikitzen dira, barrutik bistan gelditzen direlarik eta kanpotik kareharrizko harlanduz estaltzen dira. Estalkia eta frontoiaren hegoaldeko “pareta”, aldiz, egur kontralaminatuarekin eraikitzen dira. Hegoaldeko fatxada egiteko zertxa erraldoi bat planteatu dute, ikusgarria benetan. Altzairuak, aldiz, osotasun bat ematen dio.

Proiektuaren premisetako bat eraikina bere ingurunean integratzea zen, herriaren berezko irudiari kalterik egin gabe. Eta ia-ia lortu dute. Bolumetrikoki duin txertatzen da herrian eta horretarako kaleko kota aldaketa aprobetxatzen dute. Frontoia erdi lurperatuta dago eta altuera neurtu batekin ezartzen da. Testuinguruan txertatzeko asmoz lehenago zegoen eraikinari kinu bat egiten dio. Frontoiak lehenago zegoen etxe zahar bat ordezkatzen du eta kalera ematen duten fatxadetan agertzen diren “leihoak” hauen erreplika dira. Nahiz eta erabilitako materialek ere testuinguruan integratzea ahalbidetzen duten, fatxadan harria erabilera da esaterako, amaierako emaitza eleganteak testuinguruarekiko distantzia estetikoa adierazten du.

Pilotalekuaren ardatz nagusiari perpendikular beste bolumen batek proiektua osatzen du. Eraikin honek bestelako ekitaldiei eran-tzuteko asmoa du eta programa ezberdina bertan txertatzen da: beheko kotan aldagelak eta komunak, eta goian hutsik dagoen kutxa bat, eszenatoki gisa erabili daitekeena. Bolumen honek plaza txiki bat sortzen du frontoiaren alboan eta gainera atzeko aldetik sarrera irisgarria bermatzen du. Espazio publiko hau pixka bat gogorra da, eta hegoaldera begira dagoen begiratoki gisa planteatu arren, arkitektoek paisaiarekin duten nostalgiari eran-tzuten diotelakoan nago.

Egileen hitzetan planteatutako eta eginiko eragiketa guztiek jolaserako barne-espazio atsegin, lasai eta praktikoa bila-tzen dute. Hala ere, funtzionalki frontoiak gauza batzuetan akatsak ditu. Aipatutako bolumena frontoian sartzen da, barruko espazioan eraginez. Hau da, bertan euskal pilotan edo frontenisean jolasten baduzu, eta zabalera tantoa edo bi pareta egitea okurritzen bazaizu, zure lagunak bolumen honen kontra joteko aukera asko izango ditu. Imajinatu Tintin III. edo Altuna III. bertan jolasten. Frontoia tamainan txikia da, eta barruko elementu batzuen altuerak zalantzagarriak dira. Arte pieza gisa proiektatu da.

Jorge Oteizaren arabera, pilotalekuak “hutsaren” edo euskal estetikaren “hustasunaren” adierazle nagusi direla esan zuen. Frontoi hau ezagutzean bere esentzia-funtzio hutsa ere ikusi dut eta HDBFBn aurrean gaudela iruditu zait. Hau da, Hilda Dagoen Beste Frontoi Bat. Horrelako frontoi asko daude gurean eta zerbait egin behar da. Hilik dauden espazioak izanik zergatik ez hauek berrasmatu, birmoldatu eta adibidez hileta zeremoniak egitera bideratu? Txokoan dejada.

2024-11-08T16:54:14+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo