Euskal Sagardoaren uzta paregabea izan da eta, urte ez ohikoa izan den arren, guztira 5 milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan eta 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira. Aurtengoa 'inoizko uzta handiena izan da' hala adierazi du Gipuzkoako Kale Nagusian Olatz Mitxelenak, Euskal Sagardoko komunikazio arduradunak.
Hala ere, egoera ez da samurra izan lehen sektorean eta ekoizpen kostuek eragina izan dute prezioan, hortaz, % 10 - % 20ko igoera izango du aurten sagardoak.
Bestalde, hilabete honetan zehar, segurtasun neurriak bermatzeko helburuarekin, kontsumoa eserita egingo da eta sagardogileek eramango dituzte mahaietara botilak eta pitxerrak.
Mitxelenak azpimarratu nahi izan du aisialdi seguruaren garrantzia eta gonbidatu ditu entzuleak sagardotegietara joatera. Gainera, gogoratu du. bihar, urtarrilak 12, Astigarragan AMAK taldeak hasiera emango diola Sagardo Berriaren Egunari eguerdiko hamabietan.