Bizkaia

Udako azokak hurbileko produktu onenak ekarriko ditu

Lea Artibaiko ekoizle onenak Lekeitioko plazan izango dira gaur, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte
Udako azokan parte hartzen duen ekoizleetako bat.

Lea Artibaiko landa garapen elkartea osatzen duten alde ezberdinek argi dute lehen sektorearen garrantzia orokorrean eta eskualdean bereziki. Horrela, “garrantzi berezia hartzen dute berau sustatzeko ekintzek zein azokek, hauek izaten duten garrantziagatik ekonomiarentzat, nekazaritza dibertsitatearentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat eta kontsumo jasangarriarentzat”. Bada, iragan den larunbatean Ondarroan izan zuen bere lehen geldialdia udako azokak, eta gaurkoan bigarrena egingo dute Lekeition. Azoka goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00etara izango da eta bertan hurbileko nekazal eta artisau produkturik onenak eskuratu ahal izango dira. Bitartekaririk gabeko zuzeneko salmentan eragiteko jardunaldia izango da gaurkoa.

“Landa eremuaren garapena” helburu nagusia izanik elkartearentzako, “oinarrizkoa da ustiategi txikien bidez produkzio tradizionalaren eredua mantentzea eta berau herritarrengana hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa eta salmenta gune bat sor dadin, azken hauek, berton ekoiztutako elikagaien balioaz jabetzeko”. hala nabarmentzen dute landa garapen elkartetik. Eta “azokak, zein bestelako ekimenak, funtsezko dira sektore honen bideragarritasuna bermatzeko”. gaurkoan Lekeitioko plazan izango den azokan eskualdeko eta kanpoko ekoizleek parte hartuko dute. Aurreratu dutenez, “bertan salgai egongo dira ortuariak, esnekiak, eztia, arrautzak, ahatekiak, edariak, kontserbak, ogia eta gozoak besteak beste”. Beraz, itsasoaren parean nekazal inguruko produktuak izango dira salgai.

“Gure ekoizleek dedikazio osoz eta mimo osoz ekoizten dituzte produktuok eta kontsumitzaileoi eskaintzen dizkigute zuzen zuzenean”, azaldu dute azokako antolatzaileek. Eta tankera honetako ekimenek hainbat onura dakartzate, bai ekoizleentzako eta baita eskualdeko bizilagunentzako. “Bitartekari gabe, kalitate bikaina, fidagarritasun eta guztiz jasangarriak direla ziurtatuz. Hori horrela, gure inguruko gutizia hauek erosteko aprobetxatu dezagun, gure ekoizleen, ingurunearen eta zer esanik ez, kontsumitzaileon osasunaren onurarako”.

14/08/2022