Datorren ekitaldiari begira, udal tasa eta zergak izoztea erabaki egin du Bilboko Udalak. Udalbatzak joan den ostegunean, ekainak 30, ospatutako osoko bilkuran onartu egin zuen neurri hau. Hori dela tea, egungo ordenantza fiskalak indarrean jarraituko dira 2023an.
Neurri hori hirugarren urtez jarraian hartu da, azterketa sakon baten ondorioz, eta lehentasunezko helburua da kaltetuenak diren sektore eta enpresen susperraldi ekonomikorako bidea indartzea eta herritarrei karga gehiago ez eragitea.
Zerga eta tasak izozteaz gain, zergadunentzako onura fiskalak eta hobariak mantenduko dituzte, eta ordaintzeko erraztasunak ere bai. Erabaki horren ondorioz, Udalak 2 milioi euro pasatxo gutxiago bilduko ditu.
Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak gogorarazi du erantzukizun-ariketa handia dela; izan ere, 2021ean eta 2022an, tasei eta zergei eustea erabaki zen, covidaren inpaktuak eragindako krisiari aurre egiteko. Ondoren, Ukrainako gerraren ondorioak gehitu zaizkio horri. Horrela, izoztearekin batera, hainbat ekintza paralelo jarri dira #BilbaoAurrera planetan. Adierazi du 2023an zerga-euspenerako ahalegin handi horrekin jarraituko dela, “hiriko enpresa eta negozioen eta Bilboko familien susperraldi ekonomikorako oinarri sendoak ezartzen laguntzeko”.
Osoko bilkuran, gainera, aldaketa tekniko, salbuespen eta hobari batzuk onartu dira (adibidez, unibertsitate publikoek egindako obrentzat eta energia-efizientzia handiagoa dakartenentzat), baita uriko merkataritza-elkarteek egindako ekitaldiak tasak ordaintzetik salbuestea ere, sektoreari babesa emateko.