Buscar
Gipuzkoa

Udalak abandonatuta dauden bizikletak berreskuratuko ditu

Bizikletak birziklatzea da Balazta Elkartearekin elkarlanean burutuko den proiektuaren helburua
Juan Luis Silanes, Patxi Aristizabal eta Manu Eizagirre. | ARGAZKIA: NG
Juan Luis Silanes, Patxi Aristizabal eta Manu Eizagirre. | ARGAZKIA: NG

Hondarribiko Udalak eta Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak herriko kaleetan abandonatuak dauden bizikletak jaso, berreskuratu eta bigarren erabilera bat emateko helburua duen proiektu bat burutzeko hitzarmen bat sinatu dute.

“Gero eta txirrinda gehiago aurkitzen ditugu abandonatutako egoeran. Aparkatzeko guneak jarri genituenetik are gehiago ikusten dira, eta horren aurrean zerbait egin behar genuela ikusi genuen”, adierazi zuen Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak, proiektua aurkezteko Patxi Aristizabal Udaltzain buruarekin eta Manu Eizagirre Balazta Elkarteko kidearekin batera Uria Harresia kalean dagoen bizikletak aparkatzeko gunean egindako prentsaurrekoan. “Balazta Elkartetik izan dugun laguntza eskertu egin nahi dut, lankidetza-akordioa sinatu dugu eta beraiekin, eta elkarlanean ongi ari garelako”, gehitu zuen zinegotziak.

Proiektua honetan datza: abandonu zantzuak dituen bizikleta bat topatzen duenean Udaltzaingoak informazio moduko pegatina bat jarriko dio bizikletari. Hamabost egun pasa eta gero bizikleta bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramango da. Bertan kode bat eman eta argazki bat egingo zaio Udalaren webgunean aurki daitekeen katalogora igotzeko. Zehazki, katalogoa web orri honetan kontsultatu ahal izango da: www.hondarribia.eus/catalogo-bicicletas.

Pertsona batek katalogoan dagoen bizikleta bat berreskuratu nahi izanez gero, Udaltzaingoan egin beharko du eskaera. Horretarako, NANa eta bizikletaren titulartasuna berea dela adierazten duen agiriren bat aurkeztu beharko du, hala nola, argazkiak, fakturak, etabar.

Bi hilabete pasa eta gero inork ez badu bizikleta berreskuratu, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatuko da hilabete batez. Hiru hilabete horiek pasa eta gero inork ez badu bizikleta eskatu, Udalak Balazta Elkarteari emango dio, BIR-ZIKLATU programaren bidez bizikleta berreskuratu eta behar duen pertsona bati eman diezaion.

Bestalde, nabarmendu behar da proiektuari gizarte ikuspegi bat eman nahi zaiola eta, hori dela eta, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailarekin lankidetzan, Hondarribian familia batek txirrinda baten beharra izango balu, berreskuratutako bizikleta bat helarazi egingo litzaioke akordio honen bidez.

2023-01-26T06:38:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo