Ekainaren 15etik aurrera, Alde Zaharrean egoiliarrek eta baimenduek bakarrik aparkatu ahal izango dute, Udalak abian jarri duen ekimena dela eta, Alde Zaharreko kaleetan behar ez den trafikoa murrizteko asmoz. Hala adierazi zuten atzo Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eta Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
“Hirigune Historikoan 793 ibilgailu daude erroldatuta, 350 garaje plaza daude, eta azaleran 108 aparkaleku. Horri gehitzen badizkiogu egunero zirkulatzen duten ibilgailu guztiak, ikusten dugu beharrezkoa dela Alde Zaharrerako sarbidea murriztuko duen erabaki bat hartzea”, esan zuen Carrionek.
Ekimena garatu ahal izateko, egoiliarrek txartel bat jasoko dute pertsona bera eta ibilgailua Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta daudela egiaztatzen denean. Renting edo leasing ibilgailu bat dutenek txartela lortu ahal izango dute, betiere bertan erroldatuta badaude eta renting edo leasingaren kontratuaren kopia aurkezten badute. Azkenik, enpresako ibilgailua duten bizilagunek ere baimena jasoko dute. “Etxe bakoi-tzeko bi txartel izango dituzte”, esan zuen Carrionek.
Era berean, aparkatzeko baimena izango dute komertzio, taberna, jatetxe, obra eta gremioetarako hornidura ibilgailuek, hoteletako bezeroek, alokairukoek, etxebizitza turistikoetakoek eta bertan bigarren etxebizitza bat dutela egiaztatzen duten pertsonek. Gainera, mugikortasun urritua duten pertsonek Alde Zaharrean aparkatu ahal izango dute, betiere kotxean Europako txartela urdina badute.
“Trafikoa ez da mugatuko, aparkalekua bakarrik. Izan ere, helburua bizilagunek aparkatzeko dituzten zailtasunak gutxitzea da”, azaldu zuen Obra zinegotziak.
Bestalde, Silanesek nabarmendu zuenez,“azken urteetan hirietako mugikortasunaren garapenaren lekuko izan gara, eta Hondarribiak ere bat egin du mugikortasun iraunkorrago bat ezartzeko joera horrekin. Adostu dugun hiri mugikortasun iraunkorraren ereduan, oinezkoan oinarritu gara, lehentasuna eman diogu hirian mugitzeari dagokionez”.
Datozen egunetan Udalak atal berezi bat gaituko du bere webgunean (www.hondarribia.eus), eta herritarrei beharrezko informazio guztia helaraziko zaie. Gainera, informazio gehiago nahi duenak mezu elektroniko bat bidal dezake mugikortasuna@hondarribia.eus helbidera.