Bilboko Udalak igogailu, arrapala eta eskailera mekanikoen ondoan “OINEZ. Zergatik ez? Alternatiba osasungarria” dioten karlelak jarriko ditu herritarrak mugikortasun osasuntsuago eta jasangarriago baten onurei buruz motibatzeko eta sentsibilizatzeko. "Bilboko Udalak uriko auzo guztiak irisgarriak izatea nahi du eta, horregatik, mugikortasun bertikaleko elementu berriak instalatuz mugitzeko modua hobetzeko beharra azpimarratzen jarraituko du. Eta, hori egitean, ohitura eta bizimodu osasungarriak ere sustatzen ditugu, eskailerak edo aldapak oinez igo eta jaitsi ditzaketen pertsona guztiak animatuz, gure osasunerako onura ugari dituen alternatiba baita”, adierazi du Nora Abete, Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak.
Bilboko uria ezaguna da arkitektura bakarra, mugikortasun jasangarriko planak eta bizi-kalitate handia daukalako. Aitorpen horren zati handi bat mugikortasun bertikaleko politika abian jartzean oinarritzen da. Hain zuzen ere, 64 igogailu publiko eta 20 arrapala edo eskailera mekaniko jarri dira urian, 5 kokapenetan.
2022an 16,5 milioi bidaia egin dira elementu mekaniko horietakoren batean; horietatik 13,6 milioi Bilboko 64 igogailuetan. Horrek esan nahi du % 10,72ko igoera izan dela aurreko urtearekin alderatuta, eta % 27,02ko igoera 2019arekin alderatuta. Hortaz, argi dago igogailuen erabilerak goranz egin duela.
Guztira bidaia gehien egin dituen igogailua Funikular Plazakoa (Moraza) izan da. Plentzia eta Gorlizko kalekoa, aldiz, gutxien erabiltzen dena. Baina, hala ere, guztietan, aurreko urteekin alderatuta, erabilerak gora egin du.
Nora Abetek azaldu duenez, “igogailuka eta guneka hain pertsonalizatuta dagoen kanpaina honen bidez, informazioa emateaz gain, herritarrek mugikortasun jasangarriaren garrantziaz jabetzea eta modu osasungarrian mugitzeko motibatzea ere lortu nahi dugu, beren aukerako alternatiba gisa”.
Igogailu edo elementu mekaniko bakoitza erabiltzen ez badugu kontsumitu ditzakegun kaloriak kalkulatzeko, kontuan hartu da egunero 100 eskailera igotzeak 200 kaloria baino gehiago erretzea dakarrela, eta Bilboko igogailu guztien desnibel metatua gutxi gorabehera 4.690 eskailera-mailaren baliokidea dela, kontuan hartu baita metro bakoitza 6 eskailera-mailaren parekoa dela. Konparazio bat egiteko, esan daiteke kopuru hori berdintzeko Gaztelugatxera ia 20 aldiz igo beharko litzatekeela, edo 2,5 aldiz Empire State Building-eko begiratokira.