Azpeitia – Amaitu berri den ikasturtearen hasieran, Udalak "emakumeei tresnak erabiltzen erakutsi eta ahalduntzeko" Altzarigintzan murgiltzen izeneko tailerra antolatu zuen eta ikastaro hori aurrera eraman ahal izateko hainbat tresna erosi behar izan zituen.
Orain, berriz, material hori (mailuak, eskuzko zerrak, eskuairak, zerra elektrikoak, lixak, taladroak eta bestelako erremintak) behar duten herritar guztien esku jarri du Udalak, mailegu zerbitzu berri bat sortuz.
Udaletik azaldu dutenez, "Liburutegian liburuak edota DVDak eta ludoteketan jostailuak maileguan hartzeko aukera dagoen bezala, hemendik aurrera etxeko obra txikiak egiteko erremintak izango dituzte herritarrek eskura Emakume Txokoan".
Idoia Arrizabalaga, Parekidetasun zinegotziak, adierazi duenez, "erreminten mailegutza, emakume askorentzat interesgarria izan daitekeen zerbitzua izango dela uste dugu. Gainera, emakumeen ahalduntzean eragiteko modua izan daiteke". Hala, erremintak eskura izanda, "hainbat obra txiki egiteko modua animatzea eta ahalbideratzea da helburua".
Zerbitzuaren funtzionamenduari dagokionez, "aurki daitezkeen erreminten katalogoan bakoitzak behar duen erreminta detektatu eta Emakume Txokoan kontsultatu beharko du libre dagoen". Hala bada, "eskaera egin eta hilabeteko epean mailegutzan izan ahalko da gailua". Eskaeraren bat egin edo informazio gehiago nahi duenak 943 157 055 edo 688 151 000 telefonoetara dei egin edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatz dezake.