Buscar
Gipuzkoa

Udalak Santa Klara komentua ezagutzeko aukera zabaldu die zarauztarrei

Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Irene Urbieta Kultura zinegotzia, Santa Klara komentuaren sarreran. Ondoan, klaustroaren detaile bat. Argazkiak: Zarazuko Udala
Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Irene Urbieta Kultura zinegotzia, Santa Klara komentuaren sarreran. Ondoan, klaustroaren detaile bat. Argazkiak: Zarazuko Udala

Bisita gidatuak

Asteartetik ostiralera:

11.00 (eus)

17.00 (gazt)

18.30 (eus)

Larunbata eta igandea:

10.30 (eus)

12.00 (gazt)

17.00 (eus)

18.30 (eus)

Izena eman:

Kultura departamentua

Sanz Enea. Nafarroa kalea, 22

kultura@zarautz.eus

943 00 51 20

Turismo Bulegoa

Kale Nagusia, 30

turismo@zarautz.eus

943 83 09 90

Pasa den udan Zarauzko Udalak Santa Klara komentuaren salerosketa gauzatu zuen, eta orain, datozen bi hilabeteetan zehar, ate irekien jardunaldiak antolatuko dira Zarauzko ondarearen altxor honek gordeta dituen sekretuak ezagutarazteko. Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, "ate irekien bitartez, bertatik bertara herriaren historiaren zati garrantzitsu bat den eraikin-multzo hau ezagutzeko aukera eskaini nahi diegu zarauztarrei".

Bisita gidatu hauetan Zarauzko klaratarrak 400 urtez baina gehiago klausuran bizi izan ziren komentua barrutik ikusi eta haien bizi-tzaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da, besteak beste, Santa Klara eliza, komentuko ataria, jantokia, lan gelak eta mojen bizilekuak bisitatuz.

Bisita gidatu hauek datorren maiatzaren 5ean hasiko dira eta bihartik aurrera izena emateko aukera izango da Kultura departamenduarekin edota Turismo bulegoarekin harremanetan jarriz. Aste tartean, eguneko hiru txanda egingo dira eta asteburutan, aldiz, lau txanda.

Santa Klara zarauztarrentzat

2017an joan ziren azken Ahizpa Klaratarrak Zarauztik Oñatiko Bidaurreta Monasteriora. Ordutik, Zarauzko Udalak eta Erlijiosen Elkarteak harremanak izan zituzten komentua eta inguruko lursailak udal jabetzakoak izatera pasa zitezen. Joan den urtean negoziazio horiei buru eman zitzaien eta gaur egun Santa Klarako eremua udal ondarearen parte da. Prozesuaren lehen unetik, mojek alkateari adierazi zioten euren nahia zela Santa Klara zarauztarren interes publiko orokorrerako bideratzea.

Une honetan, Zarauzko Udala komentuaren klaustroa eta gainontzeko lau eraikinek osatzen duten eraikin-multzoaren azterketa xehetua egiten ari da etorkizunean gune hauek izan ditzaketen zerbitzu eta erabilerak lantzeko. "Proposamen asko entzun dira ekipamendu honek etorkizunean izan ditzakeen erabilerei buruz. Hala ere, eta pausoz pauso joan behar dugu, lehenik Zarautz 2030 Planaren baitan udal eraikinen sarea eta egungo erabilerak aztertu beharko ditugu eta, ondoren, partaidetza-prozesu bat abian jarri, herritarrek, teknikariek eta inplikatutako gainerako eragileek euren proposamenak partekatu ahal izateko, egungo komentuaren etorkizunerako proposamenik onena eta egokiena bideratze aldera".

Komentuaren inguruko lursailak aldiz, Zarautzen erdian 25.000 metro karratu baina gehiagoko berdegunea osatzeko baliatuko da. Santa Klarako baratzeek, Azken Portuko, Gaztainpeko eta Villa Mundako parkeekin bat egingo dute, edozein herriren ametsa litzakeen berdegunea osatuz. Duela urte batzuk Udalak martxan jarritako prozesu parte-hartzailean zarauztarrek Amalur izena eman zioten etorkizuneko parke honi. Jada martxan dira hau ahalbidetuko duten egokitzapen lanak, besteak beste, Igerain erreka berreskuratzeko ubidearen hormen erreforma gauzatuz.

2022-05-04T07:53:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo