Gipuzkoa

UGLEk ikasle ohien topaketa antolatu du hilaren 26rako

Ikastetxean bertan bazkaria egingo dute: Dj Tintz-ek musika jarriko du eta Batxilergoko ikasleek txosna
UGLEko ortoprotesika ikasle bat. | ARGAZKIA: A.Z.

UGLE lanbide eskola 25. urteurrena ospatzen ari da. Azken ekitaldia hilaren 26an izango da: ikasle ohien topaketa egingo dute ikastetxean bertan. Egun horretan ikastetxeko eta laborategiko ateak zabalik egongo dira eta bazkaria egingo dute 14.00etan.

Menuak 20 euro balio du (entsalada, txahal-masailak, postrea, kafea eta edaria). Gainera, Dj Tintz-ek musika jarriko du eta Batxilergoko ikasleeek txosna jarriko dute ikasketa bidairako dirua lortzeko. Bazkarirako txartelak UGLEn, Zumarragako Bidezar eta Urzubi tabernetan, Legazpiko Giroa eta Katilu tabernetan eta Urretxuko Aldapa, Berit eta Buhame tabernetan eskura daitezke. Bazkarirako txartela erosteko azken eguna hilaren 18a da.

UGLEko arduradunek urteurreneko ospakizunen balorazio positiboa egin dute. Lehen ekitaldia langile ohien topaketa izan zen, irailaren 21ean. Ikastetxearen historiari buruzko dokumentala ikusi zuten eta ondoren laborategia bisitatu zuten. Bukatzeko, elkarrekin bazkaldu zuten, Antioko interpretazio zentroan.

Irailaren 22an erakundeen txanda izan zen. Ekitaldia UGLEn bertan izan zen. Ekitaldian Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak parte hartu zuen, besteak beste. UGLEren sorrerari buruz hitz egin zuen eta etorkizuneko erronken berri eman zuen. Batis Maiz (UGLEren sorreran berebiziko garrantzia izan zuen gizona) omendu zuten eta ondoren laborategia bisitatu zuten.

Irailaren 23an enpresen txanda izan zen. 60 enpresak baino gehiagok parte hartu zuten beraiei eskainitako ekitaldian. Izan ere, 25 urte hauetan UGLEk eta Urola Garaiko enpresek harreman estua izan dute. Ekitaldian, Urola Garaiko enpresetako ordezkariekin batera, Adegiko Sebas Zurutuzak parte hartu zuen. Adegi UGLEko patronatuko kidea da.

Itziar Salaberria Uggasa garapen agentziako zuzendari-kudeatzaileak eskualdeko aliantzei buruz hitz egin zuen eta bukaeran laborategia bisitatu zuten. Eskualdeko enpresek beraien proiektuak UGLEren laborategian landu ditzakete eta bi enpresek bertan landutako egitasmoen berri eman zuten.

07/11/2022