Bizkaia

Umeen eta Nerabeen II. Udal Plana aurkeztu du Bilboko Udalak

Umeen eta Nerabeen II. Udal Planaren aurkezpena

Ostegun honetan goizean, abenduak 2, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Umeen eta Nerabeen II. Udal Plana aurkeztu egin du La Perrera zentro soziokulturalean egindako ekitaldi batean.

Alkateak berak zuzendu du agerraldia, eta berarekin batera egon dira Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko ordezkari guztiak, udal sailetako langileak eta eremu horretako eragile eta entitateak.

Plan berria indarrean egongo da 2025era arte. Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko kide diren 46 haurren laguntzarekin egin da, Bilboko ume eta nerabeen egoerari buruzko diagnostikoan oinarrituta (2021ean egin zuten, 1.000 adingaberen ekarpenekin).

Horrela, adingabeen premien eta kezken azken lau urteotako bilakaeratik abiatu, eta haien ongizatearen alde lan egiten jarraitzeko erronka nagusiak identifikatu dituzte. «Horren emaitza dokumentu errealista bat da, oso bizia —urian identifikatutako errealitatearen gainean lan egin dugulako—», esan du alkateak.

Dokumentuak 3 ardatz estrategiko, 8 helburu (horietako bat, zeharkakoa) eta 20 jarduera-ildo ditu, uriko 18 urtetik beherakoentzako 188 (udal) ekintzatan gauzatzen direnak.

3 ardatz eta 8 helburu estrategiko

Umeen eta Nerabeen II. Planaren hiru ardatz estrategiko eta zortzi helburu nagusiei dagokienez, Udalak urratsak egin nahi ditu, hiru zentzutan:

1.Umeak eta nerabeak beren ingurunearekin konprometituta egon daitezela sustatzea:

  • Ume eta nerabeek hiriaren bizitza publikoan parte hartzea bultzatzea.
  • Umeen eta nerabeen artean genero-berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua bultzatzea.
  • Espazio publikoa ume eta nerabeentzako irisgarriagoa eta atseginagoa izan dadila bermatzea.

2.Hazkunde osasuntsua bermatzea:

  • Haziera arduratsua eta familientzako laguntza sustatzea.
  • Bilboko ume eta nerabeen osasun fisikoa eta ongizate emozionala sustatzea.

3.Aukera-berdintasuna bermatzea, uriko umeei eta nerabeei eragiten dieten desabantailei eta desberdintasun-ezei aurre eginez.

  • Haur-pobrezia eta gizartean dagoen berdintasunik eza gutxitzea.
  • Zaurgarritasun- eta babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeen babesa bermatzea.

Zeharkako helburuari dagokionez:

  • Beste gizarte-eragile batzuekin erakundearteko koodinazioa eta erantzunkidetasuna bultzatzea, adingabeen interes gorena babesteko.

Tresna eraginkorra da, eta «jarraipena ematen die azken urteotan udalerrian egin dugun lanari, “Etorkizunari Begira” aurreko planari, eta UNICEFen eskutik garatutako “Bilbo, Umeen Laguna” hiri bezala dugun konpromisoari. Zentzu horretan, umeen eskubideak betetzea eta haiek udal politikan eta hiria eraikitzen parte hartzea sustatzen jarraitzen dugu, zeharkako ikuspuntu batetik», azaldu du alkateak.

Parte-hartze handia

Horrez gain, Juan Mari Aburtok nabarmendu du Planaren xedea dela «udalerriko ume eta nerabeen erronkei erantzutea, adingabeen ongizatea, eskubideak eta bizi-kalitatea bermatuko dituzten printzipioen inguruan egituratutako jarduketen bitartez».

Plana errealista izan dadin, diagnostikoaz gain, uriko gazteen ordezkarien laguntza izan du Bilboko Udalak: Bilboko Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluaren 46 kideena (Bizkaiko hiriburuko ikastetxe publiko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, eta DBHko 1. eta 2. mailako haur eta nerabeak).

Planean jasotako 188 jarduketetako 42, haiek proposatutako ekintzak dira. «Aditu egin diegu, eta haiekin eztabaidatu dugu ea zeintzuk diren lehenetsi beharreko ardatz eta ekintzak, haien beharrizanak eta kezkak aintzat hartuta», esan du alkateak. Finean, «Plan berriak islatzen du Udalak konpromiso etengabea duela ume eta nerabeekin, kolektibo horren beharrizanei erantzun nahi diela, eta xede horietarako egindako jarduketak ebaluatzen jarraitzeko asmoa duela», adierazi du. Nabarmendutako gaien artean, honako hauek aipatu dituzte adingabeek, besteak beste: berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua, ohitura osasuntsuak bultzatzea, arrisku-portaerak prebenitzea eta osasuna zaintzea.

Lehengo dokumentuan bezalaxe (2018-2021), II. Planean ere 18 urtetik beherakoentzako programa edo zerbitzuren bat duten, edo adingabeen ongizateari nabarmen eragin ahal dion jardueraren bat garatzen duten Bilboko Udaleko sail eta erakundeetako profesionalek hartu dute parte. Preseski, horrelaxe eratu da Udalak hiriko ume eta nerabeei zuzenduta bultzatutako jarduketak planifikatzeko, antolatzeko eta sistematizatzeko tresna nagusia.

Era berean, aintzat hartu dira udal eremutik kanpoko iritziak; eta Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko eta Gizarte Zerbitzuen Udal Kontseiluko Haurtzaroa eta Familia Lan Batzordeko gizarte-erakundeek eta helduek proposatutako ekimenak jaso dira.

GJH-en ildo beretik

II. Planaren berritasunetako bat da neurtu egiten dela adingabeentzako udal jarduera estrategikoenak Garapen Jasangarrirako Agenda 2030en helburuei egindako ekarpena —Udalak Agenda 2030ekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) hartutako konpromisoaren haritik—.

Fokua jarriz udalerrian bizi diren 18 urtetik beherakoetan, Udal Plana oso tresna erabilgarria da adingabeak hazteko, hezteko eta zaintzeko ardura dutenentzat, ume eta nerabeei arreta ematen dieten erakunde eta entitateetan lan egiten duten langile eta boluntarioentzat, eta, nola ez, hiritar guztientzat. Izan ere, dokumentua partekatu egin da Bizkaiko hiriburua «umeen lagun» bezala finkatzeko lanean diharduen sektoreari lotutako gizarte-eragileekin.

«Bilbo, umeen laguna», 2018tik

Bilboko Udalak Umeen eta Nerabeen Kontseilua abiarazi zuen hiriko umeek eta nerabeek hiria eraikitzen parte har zezatela bultzatzeko tresna baten moduan. Ordezkariak urtean birritan biltzen dira osoko bilkuran, eta, gainera, lan-batzorde desberdinetan parte hartzen dute. Era horretan, umeek eta nerabeek udal jarduera ebaluatzen dute eta proiektuak aurkezten dituzte, hiria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkienak. Horretarako, udal sailek erronkak aurkezten dizkiete, eta umeak eta nerabeak haiekin lankidetzan aritzen dira.

Udalak ume eta nerabeekin hartutako konpromisoaren aitorpen gisa, «Bilbo, Umeen Laguna» titulua lortu zuen hiriak, 2018ko azaroan, UNICEFen eskutik.

06/02/2023