Astearte honetan goizean, abenduak 13, Umeen Gabonetako Parkearen aurkezpena egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurten zortzi espazio izango ditu. Parkeak larunbat honetan, abenduak 17, irekiko ditu ateak, eta urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik. Azken urteetan bezala, BEC-en egongo da kokatuta.
Guztira zortzi espazio hauek egongo dira: izotz gaineko patinaje pista; publiko guztiak bizikletarekin lotutako jardueretan parte hartzeko espazioak: alde batetik, Tour Eguna ekimenaren inguruko jarduerak antolatuko dira, eta beste alde batetik, BizkaiBizi proiektuko jarduerak; Bizkaiko suhiltzaileek postua jarriko dute; Interbiak sozietate publikoak espazio bat izango du, eta azkenik, Garbikerrek eta Bizkaibusek postu bana izango dute baita ere. Gainera, foru erakundeak BBKrekin batera sustatzen duen Eup! ekimeneko Gabonetako zuhaitza ere bertan egongo da.
Horrekin guztiarekin, beste behin ere Bizkaiko Foru Aldundiak argi uzten du Umeen Gabonetako Parkean presente egon nahi duela kalitate handiko aisialdi eskaintzarekin, familian disfrutatzeko jarduerekin, eta era berean, aldundiaren zerbitzu eta arloek egiten duten lana ezagutarazi nahi die abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra BECera joango diren ume eta gazteei.
Izotz gaineko patinaje pista
Foru Aldundiak berriz ere instalatuko du izotz gaineko patinaje pista. Espazio hau heldu zein txikiei zuzendutako proposamen ludikoa da, eta UGPn arrakastatsuena izaten den lekuetako bat da, aurreko edizioetan gertatu zen bezala.
Bizkaiko Suhiltzaileen Zirkuitua
Izotz gaineko patinaje pistaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak BECeko Umeen Gabonetako Parkean parte hartuko du stand batean. Bertan umeei suhiltzaileen lana hurbilduko diete, eta horretarako, esku-hartzeetan erabiltzen dituzten materialak eta ekipamenduak erakutsiko dituzte eta sua dagoenean nola jokatu azaltzen duten oinarrizko aholkuak emango dizkiete familiei.
Standera hurbiltzen diren umeek suhiltzaileen jantziak eta kaskoa jantzi ahalko dituzte (esku-hartzeetan erabiltzen dituzten jantzien eta kaskoen umeen tamainako erreplikak) eta ibilbide bat egingo dute zerbitzuak egiten dituen esku-hartzeak ezagutzeko; suteez gain, uretako erreskateak, trafiko istripuetako erreskateak edo salgai arriskutsuekin egiten dituzten esku-hartzeak ezagutu ahal izango dituzte, beste batzuen artean.
Era berean, suhiltzaileek espazio itxietan egiten duten lana azaltzeko, umeak sarbide zaila duen espazio bat irudikatzen duen hodi batetik igaro ahalko dira hau hankan.
Bukatzeko, umeek aukera izango dute suhiltzaileen kamioi batera igotzeko. Hiriko ponpa auto astuna UGPn egongo da hurrengo egunetan eta photocallean argazki bat atera ahal izango dute benetako sua itzaltzen egongo balira bezala.
Gurpil gaineko jarduerak, errepide hezkuntza eta mugikortasun jasangarria
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak bi espazio jarriko ditu Umeen Gabonetako Parkera joaten direnek bizikletarekin lotutako jarduerak egin ditzaten.
Alde batetik, UGPko Tour Eguna eremuan 6 eta 14 urte arteko umeek pump track pistaz eta ginkanaz gozatu ahal izango dute eta trebetasunak landuko dituzte. Gainera, erakusketa zona batean Frantziako Tourraren eta tourrak Bizkaian duen historiaren laginak ikusi ahalko dira. Pintura lantegia eta photocalla ere egongo dira.
Bestalde, eta Tour Eguneko jarduerak osatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren BizkaiBizi proiektuko espazioak errepidean jokabide onak sustatzeko jarduerak antolatuko ditu. Foru erakundeak errepide heziketarako pista eta arrabol birtuala instalatuko ditu berriz ere.
Halaber, lankidetza aktiboan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria Foru Sailak Euskadiko Txirrindularitza Fundazioarekin batera bizikleta ohiko garraiobide gisa sustatzeko estrategia eta bizikleta erabiltzearen abantaila osasungarri eta sozialak azalduko ditu, lurraldean mugikortasun aktiboaren politikari balioa emateko.
Bizkaibusek espazio propioa izango du eta bertan mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduera ludiko-hezitzaileak egingo dituzte, bereziki txikienak ohitzeko garraio publikoa erabiltzera eta ingurumena babestearen beharraz jabetu daitezen. Eskulanez eta mugikortasunaren Antzararen Jokoaz gain, autobus baten funtzionamendua erakutsiko dute baita ere.
Entretenimendua ingurumen ikuspegiarekin
Horretaz guztiaz gain, adin guztietako umeek berriz ere diseinatu diren jokoetan parte hartu ahalko dute ingurumen ikuspegia oinarri hartuta. Garbiker sozietate publikoak antolatu ditu berrerabilpena, birziklapena eta kontsumo jasangarria sustatzeko. Twister egokitu bat egongo da eta ohiko koloreen ordez, hondakin frakzioen koloretako edukiontziak egongo dira, eta jokalariek erruletan suertatzen den hondakinaren arabera eskua edo hanka jarri beharko dute dagokion edukiontzian. Lokotxen joko egokitua egongo da baita ere, eta lerro bakoitza bat etorriko da hondakinen frakzio batekin.
Gainera, standera joaten direnek aukera izango dute jakiteko nola tratatzen diren herritarrek sortzen ditugun hondakinak, eta txoko txiki batean zenbait bideo didaktiko ikusi ahalko dituzte. Erakusketa fisiko txiki bat egongo da baita ere ontzi arinen edukiontziaren inguruan, eta bertan azalduko dute zer bota behar den eta zer ez den bota behar edukiontzi horretara. Hala, bertaratuek aukera izango dute modu ludikoan birziklapenaren inguruan ikasi eta sentsibilizatzeko, eta horretarako bi makina arkade egongo dira birziklapenaren gaiari egokituta 2Dn jolasteko.
Olentzero eta Mari Domingi
Interbiak sozietate publikoa aurtengo Umeen Gabonetako Parkean egongo da baita ere. UGPn tradizioa denez, ezin da falta Interbiaken Olentzero eta Mari Domingiren panpinen lehiaketa. Bertan parte hartuko dute Bizkaiko ehun ikastetxetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta DBHko lehen zikloko ikasleek.
Stand horretan adin ezberdinetako umeentzat diseinatutako hainbat dinamizazio jarduera egingo dituzte, besteak beste ohe elastikoak, Gabonetako ipuinak, ludoteka eta eskulanak egiteko tailerrak.
Eup! zuhaitza
Beste alde batetik, Gabonetan Bizkaiko erosketen atarian eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko Eup! zuhaitza jarri dugu; ekimen hori foru erakundeak sustatzen du BBKrekin batera. Zuhaitzaren barneko aldamioek hiru tamaina ezberdinetako kutxak eusten dituzte eta 5 metroko altuera eta 4 metroko diametroa duen egitura osatzen dute. Gainera, aldaketa kromatikoak dituen barneko argiteria du zuhaitzak. Zuhaitzarekin batera postontzi bat instalatu dute umeek Olentzero maiteari eskutitzak bidal diezazkioten.