Buscar
Bizkaia

Unkinako igerilekuetako sarbidea berotzeko lanak amaitu dira

Unkinako igerilekua
Unkinako igerilekua

Galdakaoko Udalak iragarri duenez, Unkina kiroldegiko igerilekuetako sarbidea berotzeko lanak amaitu dira dagoeneko, hiru hilabeteren ostean. Obra horiek iazko aurrekontu parte-hartzaileen barruan kokatzen ziren; izan ere, erabiltzaileek behin baino gehiagotan ohartarazi zuten korridore hori oso hotza zela eta kontraste termiko handia zegoela igerilekuaren, dutxa klimatizatuen eta tarteko pasabidearen artean. Antza denez, berokuntza-sistemarik ez zuten bi eskailera-zati zeuden, eta horregatik, azaldu dutenez, egindako lanak honako hauek izan dira: eskaileraren tartean berokuntza-sistema bat instalatzea eta sarbide horretan bero-ihesak etetea.

Konponbidea emateko lanak egin dira, hiru fasetan: lehenik eta behin, soroslearen lokala birkokatu egin da, soroslearen erosotasuna hobetzeko eta gerta litezkeen ebakuazioak errazteko. Horren ostean, lokal berrira igerilekutik eta korridoretik sartu ahal izango da. Aldi berean, gune berria sortzeak sute instalazioa birkokatzea ekarri du.

Bigarrenik, komunetara sartzeko atari bat eraiki da klimatizatu gabeko kantxa igerilekuko gune klimatizatutik isolatzeko. Obra horien bidez, bainugeletarako gelaurre bat egin da. Espazio horri argiztapen sistema berria jarri zaio, eta suteak detektatzeko sistema berria ere bai.

Eta azkenik, aldageletatik igerilekura sartzeko eskailera tarteen klimatizazioa egin da. Eremu hori berotzeko, aire beroko gortina bat jarri da, zonalde horretako tenperaturari eta erosotasun baldintzei eusteko. Horrela, erabiltzaileek ez dute kontraste termikorik jasan beharko igerilekuko eta dutxetako sarbideetako joan-etorrietan.

2022-08-27T14:34:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo