Upategien munduari lotutako 60 langile inguruk Ardo munduan ematen ari diren bide berriak eta hauen eragina gure upategietan udako ikastaroan parte hartu dute berriki Zallako el Longarren (Bizkaia). Eusko Jaurlari-tzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIk eta Ardoa Basque Wine Officek antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen XLI. edizioaren barruan.
Horrela, eta ildo beretik, antolatzaileek azaldu zutenez, azken bi urteetan, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreak ekoizpenari, komertzializazioari eta banaketari lotutako oinarriak birpentsatu behar izan ditu zenbait arrazoirengatik: pandemia globalak eragindako krisitik eratorritako aldaketak, Ukrainako gerraren inpaktua eta gizartean ezarritako kontsumo- eskaera berriak. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek ikastaro-programari hasiera eman zion mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen ahalegina azpimarratuz. “Gaur, inoiz baino gehiago, joera berriak ohitura aldaketa ekarriko dute etorkizun hobearen alde. Badakigu zuek guztiek esfortzu handia egiten duzuela upategietan eta mahastietan aldaketa eta joera berrietara egokitzeko, tradizioan oinarritutako jakintzatik eta lanetik hasi eta produktu berrien eta merkatu berrien garapen berritzaileetara arte. Eta horrela jarraitzera animatzen zaituztegu”, adierazi zuen Orozek. Ildo horretatik, udako ikasturte honetan zehaztu zuenez, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko joera berriak ezagutarazi dira; besteak beste, merkatuen, mahats-ekoizpenaren eta eraldaketaren alorrekoak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak zehaztu zuenez, lan egiteko modu berriak eta joera berriak daude, eta garrantzitsua da horiek ezagutaraztea. “Udako ikastaro honen bidez, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean, merkatuen alorrean, eta mahatsaren produkzioan eta transformazioan bizi diren joera berriak jakitera eman dira. Horren guztiaren helburu bakarra lan-modu berriak erakustea izan da, profesionalei beren negozioa hedatzeko ideia berriak emateko. Jardunaldian zehar joera berri horiek zenbait ikuspuntutatik aztertu dira: merkatuko eskaria, elaborazio mota berriak eta doitasunezko mahastizaintza”. Hala, eta ildo beretik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako upategien etorkizuna markatuko duten joera berriak ezagutzera emateko, ikastaro honetan merkatuaren analisian adituak diren pertsonek parte hartu dute, bai eta ardoa egiteko ereduak kontsumitzaileen eskaera berrietan oinarrituta egokitu dituzten langileak ere. Oroz sailburuordearen hitzen ostean, Rafael Del Reyk jardunaldiari hasiera eman zion. Del Rey Ardoaren Munduko Espainiako Behatokiko zuzendari nagusia da, eta ardo-zuriaren merkatua aztertu du Espainian eta nazioarteko merkatuetan. Horren ostean, ardoan espezializatutako kazetaria eta itzultzaile (Spanish Winelovers eta Decanter) Yolanda Ortiz de Arrik aldaketak eta joera berriek upategiei eskainitako aukera berriak azaldu zituen. “Ardoaren produkzio-bide berriei dagokionez, Agustí Torelló cava katalaneko ekoizleak, eta Julio Prieto ardo-aholkulariak, egungo praktiken aldaketen inguruan hitz egin dute etorkizuneko mahastizaintzako kulturaren eboluzioaren baitan. Miguel Tubiok Galiziako Martín Códax albariño ardoko upategiko esperientziari buruz hitz egin du, eta praktika berri horiek mahastietan nola aplikatzen diren”.
Nabarmentzekoa da jardunaldian Bizkaiko txakolinaren bilakaeraz ere hitz egin zela. Gai honen arduraduna Arkaitz Larrazabal izan zen, Bizkaiko Txakolina Kontseilu Arautzaileko enologoa eta kidea. Gainera, lehen zatia amaitzeko, mahai-ingurua egin zen. Bertan ardoaren munduko joera berriei buruz eztabaidatu zuten, baita horrek upeltegietan duen eraginari buruz ere. Iñaki Suarez Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko Dastatze Batzorde Teknikoko kideak moderatu zuen. Horrez gain, Yolanda Ortiz de Arri, Agustí Torelló, Miguel Tubio, Rafael Del Rey eta Julio Prietok ere parte hartu zuten bertan.
Ekintzak
“Goizeko jardunaldiaren ostean, parte hartzaileek Zallako frutagintza estazioa eta upategi esperimentala ezagutu zuten. Bertan, Bizkaiko Txakolina eta Euskal Sagardoa jatorri deiturako upategi eta sagardotegiei aholkularitza eta laguntza-teknologikoa eskaintzen zaie”, azpimarratu zuten Eusko Jaurlaritzatik. Udako ikastaro hau antolatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren, Enkarterriko Landa Garapeneko Elkartearen, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsaren eta UPV/EHUren laguntza jaso da.
Horrela, Eusko Jaurlaritzarekin batera hainbat motatako profesionalek sektore hori, arazoak, konponbideak eta egungo egoera aztertu eta landu ahal izan zituzten. Jardunaldi horretan sektoreko 60 profesional baino gehiago bildu ziren, Bizkaian ospatu zen arren, bertara Arabako eta Gipuzkoako profesionalak ere bildu ziren. Azkenik, jardunaldia arrakastatsua izan zen, eta oso ondo baloratu dute sail osoak eta sektoreko profesionalek.