Euskal Herriko Unibertsitateko jarduerak eragiten dituen ingurumen-aztarna eta aztarna soziala kalkulatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Aztarna taldeak.
Unibertsitateko garraio-ohiturek, energia-kontsumoak, material-kontsumoak eta hondakinen kudeaketak zer inpaktu eragiten duten aztertu eta horiek gutxitzeko zenbait agertoki modelizatu ondoren, hobetzeko ekintzak proposatu ditu, UPV/EHU iraunkorragoa eta sozialki bidezkoagoa izan dadin.
Jarduera ekonomiko orok, baita jarduera akademikoak ere (irakaskuntzak eta ikerketak), eragin kaltegarriak izan ditzake bai bere inguruan bai balio-kate osoan zehar ere, bizi-zikloaren ikuspegitik. “Ingeniaritzaren arloan asko erabiltzen da produktu jakin baten bizi-zikloa eta ingurumen-inpaktuak kalkulatzeko metodologia, baina ez da hain ohikoa erakundeen ingurumen-inpaktuak kalkulatzea”, dio Iker Etxano EHU-Aztarna taldeko kideak. Badira zenbait ikerketa ebaluatu izan dutenak goi-mailako hezkuntza-erakunde jakin batzuek zer ingurumen-inpaktu eragiten duten, baina ez dituzte inpaktu sozialak kontuan hartu.
EHU-Aztarna taldea UPV/EHUko irakasle eta ikertzailez, administrazio eta zerbitzuetako langilez eta ikaslez osatutako diziplina anitzeko lantaldea da, eta bi helbururekin jarduten dute: UPV/EHUk eragiten dituen inpaktuen inguruan kontzientziatzea komunitate akademikoa, eta inpaktu horiek gutxitzeko neurriak proposatzea, UPV/EHU iraunkorrago eta sozialki bidezkoago bat lortzeko. Bost urte daramatza arlo horretan ikertzen, Campus Bizia Lab Programaren barruan, eta baditu hemendik aurrerako lanak zerrendatuta ere.
Lehen fase batean, UPV/EHUko hiru campusetan biltzen diren 30 ikastegiri —non 47.000 ikasle, administrazio eta zerbitzuetako langile, irakasle eta ikertzaile jarduten baitira— dagokien inbentario-lan sakona egin dute, lau alderdi ardatz harturik: garraioa, energia, materiala eta hondakinak. “Inbentario-lan mardula izan zen; adibidez, langile guztien baliabide materialak (ordenagailuak bereziki) eta erabiltzaile guztien (ikasleak barne) garraio-ohiturak bildu genituen”, azaldu du Gorka Bueno EHU-Aztarna taldeko buruak.
Oso baliabide eraginkorra
Bigarren fase batean, horiek guztiek eragiten dituzten inpaktuak modelizatu dituzte datu-base eta software jakin batzuk erabiliz. “Modelizazioaren bidez, erakundeak dituen hainbat alderdi kaltegarri identifikatu ditugu. Esate baterako, erabiltzaile bakoitzak urtean 8.900 km egiten ditu, eta, horrenbestez, kontuan hartu ditugun ingurumen-inpaktuetan % 60 inguru dagokio garraioari”, azaldu du Iker Etxano Ekonomia Aplikatua Saileko ikertzaileak. Materialen kontsumoak eragiten dituen inpaktuen artean, oso nabarmena da ordenagailuen bizi-zikloa: “Ordenagailuen osagaietako bakoitzak, produkzioak eta garraioak eragin dituen inpaktuak hartu ditugu kontuan”, dio. Modelizazioak agerian utzi du ingurumen-inpaktuen gehienak, erdiak baino gehiago kasu askotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo gertatzen direla.
Erakundeak eragiten duen aztarna sozialari dagokionez, hainbat alderdi aztertu dira: UPV/EHUren jarduerarekin lotutako lan-istripuetatik, adibidez, oso gutxi gertatzen dira UPV/EHUn bertan. Bestalde, haurren lanaren eta analfabetismoaren zantzuak hauteman dituzte UPV/EHUren jardueraren aztarna sozialean. “Inpaktu horien kokapen geografikoa doitasun handiagoz ebazteko eta gizarte-zorraren kontzeptua hobeto jorratzeko, azterketa sakonagoa egin beharko genuke. Ingurumen-aztarna eta aztarna sozialetako batzuk ez dira zuzenean UPV/EHUk sortutakoak, baina guztietan jarri behar dugu arreta eta erantzukidetasuna”, aitortu du Gorka Buenok (Teknologia Elektronikoa Saileko doktorea).
Modelizazio horietatik abiatuta, agertoki alternatiboak arakatu, eta unibertsitatearen jardueraren inpaktuak murriztu ditzaketen hobekuntza-ekintza batzuk gomendatu dituzte (batzuetan, inpaktuen % 30 murriztera ere irits daiteke): “Adibidez, autoz egiten dugun garraioaren zati handi bat autobusera pasatzea, edo gure bulegoetako ordenagailuen bizitza bi urtez luzatzea. Halako ekintzen bidez, inpaktuak murriztuko lirateke, eta modelizazio bidez kalkulatuko dugu halako agertokiek zenbateraino murriztu ditzaketen inpaktuak. Hori da gure proiektuaren hurrengo urratsa”, dio Etxanok. Horretarako, une honetan, hainbat agertokiren multikriterio-analisi bat lantzen ari dira.
Ibilbide honetan guztian, ikertzaileek zenbait artikulu zientifiko argitaratu dituzte. Buenoren iritziz, “funtsezkoa da erakundeek halako baliabideak eskura izatea, beren jarduerek hainbat alorretan eragiten dituzten inpaktuak ebaluatzeko. Gure ikerlanean erabili ditugun datuen multzoa erreferentzia gisa erabil dezakete goi-mailako hezkuntzako erakundeen eta bestelako erakunde batzuen ingurumen-aztarna eta aztarna soziala kalkulatzeko. Bai metodologia bai atera ditugun ondorioak erabilgarri izan daitezke beste erakunde batzuentzat ere”.