Buscar
Gipuzkoa

Urbe eta Urdangarin dendak omendu dituzte Zumarragan

Ekitaldia Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren 90. urteurreneko ospakizunen barne antolatu dute
Ekitaldian parte hartu zuten merkatariak. | ARGAZKIA: A.Z.
Ekitaldian parte hartu zuten merkatariak. | ARGAZKIA: A.Z.

Gipuzkoako Merkatarien Federazioak hitzaldi sorta antolatu du bere 90. urteurrena ospatzeko. Zumarragako ekitaldian, Urbe eta Urdangarin dendak omendu ditu.

Ekitaldia astelehen honetan izan da. Hasteko, merkatariek luntxa egin zuten Gure Txoko jubilatuen egoitzan. Ondoren, Zelai Arizti kultur etxera jo zuten. Ekitaldian Julen Maiz Gipuzkoako Merkatarien Federazioko lehendakariak, Maite Balmaseda Federazioko zuzendariak eta Rosa Maiza zinegotziak parte hartu zuten.

Zelai Ariztin, aipatutako bi dendak omentzeaz gain; bideo bat eman zuten (Singular Dendak ziurtagiria duten Urretxu eta Zumarragako bost dendariren testigantzekin); herriko bost merkatarik beraien lanari buruz hitz egin zuten eta Odile Rodriguez de la Fuente biologoak, Felix Rodriguez de la Fuente zenaren alabak, merkataritzako jasangarritasunari buruz hitz egin zien merkatariei.

Urbe eta Urdangarin 90 urte baino gehiago bete dituztelako omendu zituzten. Balmasedak Urbe 1895ean sortu zela gogoratu zuen. “Urbe fluoreszenteak izan zituen herriko lehen denda izan zen. Egun gizonezkoentzako arropa, baserritar jantziak, maletak eta osagarriak saltzen dituzte. Dendak jatorrizko itxura mantentzen du”. Iñaki Urdangarinek bizilagunei eskerrak eman zizkien, urte hauetan guztietan beraiengan jarri duten konfian-tzarengatik.

Burdindegia

Urdangarin burdindegiari dagokionez, Balmasedak familiaren galdaragintza tailerra burdindegi bilakatu zutela gogoratu zuen. “Bertan, denetik aurkitu daiteke. Herritarrei behar duten guztia eskaintzen diete. Uholde askori aurre egin behar izan zieten, baina ez zuten etsi. Egun, beti eskaini dutena eskain-tzeaz gain, produktu berritzaileak eskaintzen dituzte”.

Joseba Urdangarinek bere aitona gogoratu zuen. “Familiak negozioarekin jarraitzea nahi zuen eta ni jaio baino pixka bat lehenago hil zen”.

2023-02-01T03:34:06+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo