Buscar
Bizkaia

Urdaibaiko altxor arkeologikoak ezagutzeko aukera zabalduko dute

Eskualdeko ondare oparoa erakusteko, Bizkaiko Foru Aldundiak beste behin antolatu du Ibilbide Historikoak izenburupeko irteerak uda partean
Foruko erromatar herrizka eta Arrolako oppidum-a, eskualdeko ondarearen altxor nagusietako adibide bi. | ARGAZKIA: DEIA
Foruko erromatar herrizka eta Arrolako oppidum-a, eskualdeko ondarearen altxor nagusietako adibide bi. | ARGAZKIA: DEIA

Ondare oparoa duen eskualdea de Busturialdea. Urdaibaiko Biosfera Erreserbak sekuentzia historiko zabala integratzen du bere baitan, Arrolako neolitikotik hasita Foruko erromatar herrixkako garairaino, Erdi Aroko zin bidetik Gernikako Juntetxea berreraiki zen XIX. menderaino. Berau baliatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak beste behin antolatu ditu Ibilbide Historikoak izenburupeko programa. Uztaileko asteburu honetatik hasita eta iraileraino, bisitariek gune historikoak ezagutzeko aukera izango dute, aditu eta profesionalen eskutik kasu batzuetan.

Gune historikoei dagokienez, Foruko erromatarren herrixkaren kasuan “errealitate birtualeko tableten bidez” ikusi ahal izango da gunea, “Ekialdeko Kantaurialdean induskatutako eta kontsolidatutako aztarnategi zabalena” dena. Oraindik indusketa lanetan, “duela ia bi mila urte sortutako forum –hortik datorkio herriari bere izena– motako establezimendu bat ezagutzeko aukera ematen du, funtzio ekonomikoak eta administratiboak bateratzen zituena, funtsezkoa I.mendetik IV.mendera bitarteko lurraldeak Erroman integratzeko prozesua ulertzeko”.

Nabarniz, Mendata eta Arratzuk konpartitzen duten Arrolako guneari buruz, Kantauri ekialdean “Burdin Aroko herrixka indigena garrantzitsuenetakoa” da. Interpretazio Zentroa ere badu Arratzun, Arrolagune, publikoari zabalik. “Bisita honek errealitate birtualeko tableten bidez duela 2300 urteko aztarnategia birsortuko du”. Bestetik, Ereñozar mendiaren gailurrean altxatuta, “XI. mendearen lehen erdian, Sancho III.a Iruñeko Errege Nagusiaren garaian, lurraldearen jagole izan zen gaztelu” ezagutu ahal izango da. Ereñokolehen parrokia ezarri zen bertan, gaur egun Urdaibaiko itsasadar guztiaen zaindari dena. Eta “Neolitoari (12.000-5000 K.a) eta Kalkolitikoari (Kobre Aroa 5000 K.a) atxikitutako erabilera kolektiboko hilobi-eraikuntzen multzoaz” ere gozatu ahal izango da, Katillotxu mendian kokatutako guneaz. “2004-2008 aldian induskatutako eta zaharberritutako bi trikuharri eta esku hartu gabeko hiru tumulu-egitura ditu”. Azkenik, “Kristo ondoko I. eta III. mendeen artean ondoko herrixka batean bizi ohi izan zuten hildakoen errautsak hartzeko” gunea ere bisitatu ahal izango da, Sollube mendian dagoen Tribisburu.

Zin bideari dagokionez, “Bizkaiko Jaunak Foruak zin egiteko zeharkatzen zituen tokitan zehar antolatutako ibilbidea da”. Hiru etapaz osatuta, Bilbotik Bermeorainoko bidadia egingo da, tartean hainbat eraikin bisitatuz. Bestetik, “herrialdeko historiari lotutako” burdinolen ibilbidean zehar Barbadun eta Lea ibaietan zehar ibiliko dira, menden poderioz sortutako industria-paisaia erakutsiz.

Etiquetas
2022-07-15T08:55:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo