Maiatzaren 15etik 25era bitartean ospatuko den Euskaraldian Ahobizi edo Belarriprest moduan parte hartu nahi dutenek Urnietan izena emateko aukera izango dute asteburu honetan. Horretarako mahaiak jarriko dira hainbat tokitan ostiral, larunbat eta igandean.
Ostiralean, mahaiak 18.00etatik 20.00etara ipiniko dira Etxeberri plazan. Larunbatean kiroldegira lekualdatuko dira eta 11.00etatik 13.00etara egongo dira zabalik. Amaitzeko, igande goizean, ordutegi berarekin, izena eman ahalko da Zaldundegi inguruan, Idiazabal plazan.
Gainera, online izena emateko aukera ere badago.
Hamaikakoa
Bestalde, aste honetan aurkeztu da Urnietako Euskaraldiaren hamaikakoa, aurpegi ezagunez osaturiko pertsonekin eratu dena. Guztiek lotura estua dute gure hizkuntzarekin eta haien egunerokoan baliatzen dute gainerakoekin komunikatzeko.
Mugimenduaren eragileak izango dira Euskaraldiak irauten duen bitartean eta urnietar guztiak animatzen dituzte ekimenean parte hartzera, euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzera.
Hauek dira edizio honetako hamaikakoa osatuko duten herritarrak.
- Nekane Kortaxarena Goenaga (irakaslea)
- Unai Legarreta Astiasaran (kirol irakaslea)
- Amagoia Mujika Tolaretxipi (kazetaria, Berriako Zuzendaria)
- Imanol Ansa Urruzola (erremontista)
- Antton Jauregi Aranburu (txistularia, irakaslea)
- Guangli Wen Chen (epaitegietako itzultzailea, txinera eta ingeleseko irakaslea),
- Enara Donavera Garcia (musikaria)
- Unai Gaztelumendi Arandia (marrazkilaria eta bertsolaria)
- Xabier Altuna Jauregi (sagardogilea)
- Naroa Urbizu Kortaxarena (Poxta Zaharreko kidea)
- Jon Unanue Lopez (kultur eragilea)