Urtero bezala, Urnietako Udalak herritar guztiei irekitako jarduera ugari antolatu ditu martxoaren 8aren aldarrikapenaren baitan. Besteak beste, datorren astean bi antzerki emanaldi egongo dira Sarobe gunean.
Martxoaren 9an, Nerea Arriolak, youtuber eta aktore ezagunak, Asterisko bakarrizketa umoretsua eskainiko du euskaraz. Bestalde, hilaren 12an, gaztelerazko Las que limpian komedia garratza taularatuko da.
Bi emanaldiak 19.00etan hasiko dira. Lehenengoa dohain izango da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea Saroben edo bibe.me plataforman. Antzerkirako sarrerak bost euro balio du eta arestian aipatutako bi kanal berdinetan lor daiteke.
Alabaina, ekitaldiak martxoaren 8an hasiko dira. Hala, gaztelekuan Emakume Erreferenteen Inguruko Mural Lehiaketan parte hartzen duten nerabeek bere lanak aurkeztuko dituzte 17.00etatik 20.00etara. Martxoaren 13ra arte egongo dira aurkezturiko muralak ikusgai gaztelekuan eta martxoaren 14ean, bozketaren kontaketa egin eta mural irabazlea hautatuko da. Irabazleak gazteleku barruko pareta batean bere murala pintatzeko aukera izango du. Ekimen honen helburua emakume erreferenteen inguruan hausnarketa egin eta ezagutza maila handitzea da.
Martxoaren 8an ere, 18.00etan San Joan plazan, elkarretaratzea burutuko da. Ekitaldia ixteko musika egongo da, Lourdes Iriondo musika eskolako Enara Donavera eta Jone Izagirreren eskutik.
Bestalde, Egapeko eta Magaleko ikasleentzako ekintza bereziak garatuko dira. Martxoaren 7an Nerea Arriolak eskainiko duen umore bakarrizketa antolatu da 14 urtetik gorako ikasleentzat. Eta martxoaren 8an berriz, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariarekin bi saio gauzatuko dira. Bat Egapeko DBH1-eko ikasleekin eta bestea, Magaleko DBH3-ko ikasleekin.
Gainera, liburutegian Martxoaren 8aren inguruko txoko berezia ipini da. Izan ere, gai, egun edo egile jakin batzuei loturiko txoko bereziak sortuko dira. Emakume zientzialarien gaineko liburuekin eman zitzaion hasiera ekimen berriari otsailean.
Amaitzeko, Urnietako Udalak adi-tzera eman duenez, emakumeen lidergoa bultzatzen jarraituko du, baita “boterea berdintasunean gauzatzeko baldintzak sustatzen ere, emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea indartuko duten politikak aurrera eramanez”.