Gipuzkoa

Urola Bizirik taldeak asteazkenean abiatuko ditu III. Ingurumen Jardunaldiak

Lau ekintza izango dira hilaren 17ra bitartean; horietatik hiru Azkoitian eta beste bat Azpeitian
Zestoako bainuetxearen parean dagoen presa bat. | ARGAZKIA: EGUZKI

Urola Bizirik natur taldeak asteazkenean abiatuko ditu Azkoitiko eta Azpeitiko udalen laguntzarekin antolatzen dituen III. Ingurumen Jardunaldiak. Aurtengo edizioan herritar guztien partaidetzari irekitako lau ekintza izango dira hilaren 17ra bitartean luzatuko diren Ingurumen Jardunaldien baita. Horietatik hiru Azkoitiko Elkargunean egingo dira eta bestea Azpeitiko Baigera aretoan.

Egitaraua abiatzeko Artikutzako Enobieta eta Normandiako Vezins urtegiak nola hustu dituzten kontatzen dituen Urak aske dokumentala ikusi ahalko da asteazkenean (19.00etan) Elkargunean. Gainera, bertaratzen direnek Presak kendu, ibaiak berreskuratu leloa daraman ikus-entzunezkoa zuzendu duen Bego Zubia arrasatearrarekin solasaldian aritzeko aukera izango dute.

Urola Bizirik taldearen III. Ingurumen Jardunaldiek aste honetako ostegun eta ostiralean izango dute jarraipena. Bi egun horietan Javier Arenas zuzendariaren Urola ibaia dokumentala ikusi ahalko da, egunean zehar, Elkargunean.

Bestalde, Joserra Diezek Berezko basoen ekarpena izeneko hitzaldia eskainiko du hilaren 15ean (19.00etan) Azpeitiko Baigeran; eta 17an Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia izango da Elkargunean (18.30ean). Hizlariak Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz izango dira.

08/11/2022