Gipuzkoa

Urola Garaian, kirola ere euskaraz

Errasti, Beltza, Luqui, Lonbidea eta Lizarazu, aurkezpen ekitaldian.

Urola Garaiko erakundeak euskararen erabilera susta-tzeko lan egiten ari dira. Azken egitasmoa kirolarekin lotuta dago: 16 urtez azpiko kirol taldeetan entrenamenduak zein hizkuntzatan egiten diren jakiteko, 2022-2023 denboraldiko diagnostikoa egin du Urola Garaiko Mankomunitateak. Diagnostikoa aztertu ondoren, erabilera sustatzeko ekintzak diseinatu dituzte. Diagnostikoa eta ekintzak atzo aurkeztu zituzten, Urretxuko udaletxean.

Urola Garaian 16 urtez azpiko 97 kirol talde daude eta horietatik 80k euskaraz entrenatzen dute, Emun kooperatibak 2022-2023 ikasturtean egin duen ikerketaren arabera. Mankomunitateak Erdiratu! kanpaina jarri behar du martxan entrenamenduak euskaraz egiten dutenen lana aitor-tzeko eta gainontzekoek ere entrenamenduak euskaraz egitea lortzeko.

Atzoko aurkezpen ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkate eta Mankomunitateko lehendakariak, Nerea Errasti Zumarragako zinegotziak, Maite Lonbide Legazpiko zinego-tziak, Joseba Beltza Emun kooperatibako teknikariak eta Aitor Lizarazu Zumarragako Euskara teknikariak parte hartu zuten.

Beltzak azaldu zuenez, 23 kirol elkarte eta kirol zerbitzuk hartu dute parte diagnostikoan. 1.664 gazteren jardurna ikertu dute. 16 urte bitarteko 80 talde dira entrenamenduak euskaraz egiten dituztenak. Bost klub handienetan horretarako zailtasunak dituzte eta klub horietako talde guztiek ez dituzte entrenamenduak euskaraz bakarrik egiten. Bost klub horiek Urola (futbola), Urola (eskubaloia), Ilintxa (futbola), Andraitz (saskibaloia) eta Goierri (saskibaloia) dira. Talde horiek dira handienak eta, beraz, entrenatzaileak aurkitzeko zailtasun handienak dituztenak. “Klub horiek 20 entrenatzaile dituzte, batezbeste. Gainontzeko klubetan hiru entrenatzaile dituzte, batezbeste. Futbolean eta eskubaloian egiten da gehien gazteleraz: %40 inguru”. Bestalde, euskaraz entrenatzen duten neska taldeen portzentaia euskaraz entrenatzen duten mutil taldeena baino handiagoa da.

Luquik talde guztiek euskararen sustapenean duten garrantzia eta egiten duten ekarpena azpimarratu zuen. Mankomunitateko udalek kirolean euskararen erabilera sustatzen jarraituko dutela gaineratu zuen.

Sei bideo

Horretarako, bereziki bost klub horietan eragin nahirik, komunikazio kanpaina egingo du Urola Garaiko Mankomunitateak. Lizarazuk Erdiratu! kanpainak bi helburu dituela aipatu zuen. Alde batetik, entrenamenduak euskaraz egiten dituzten gaztetxoak erdira ekarri nahi ditu, gainerakoak erakarri ditzaten. Bestetik, entrenamenduak euskaraz egiten ez dituzten taldeak euskara erdira ekartzera bultzatu nahi ditu. Sei bideo labur grabatu dituzte, sare sozialetan zabaltzeko. Horietako bostetan, bost klub handietako jokalari eta entrenatzaileak ageri dira. Euskaraz entrenatzen dutenak, hain zuzen ere. Seigarren bideoan entrenamenduak euskaraz egiten dituzten 80 taldeen argazkiak jaso dituzte.

26/03/2023