Gipuzkoa

Urola Kirol Elkarteak 50. urteurreneko festa ospatu du

Belar artifizial berriaren inaugurazioa. Argazkia: Urola

zumarraga – Urola Kirol Elkarteak festa handi bat egin zuen atzo klubaren 50. urteurrena ospatzeko. Herri bazkaria eta kirol ekitaldiak egon ziren, besteak beste.

Bazkaria Urretxuko Ederrena pilotalekuan izan zen eta ia 200 lagunek parte hartu zuten. Gainontzeko ekitaldiak Argixao estadioan izan ziren, goizean. Luis Urdangarin zelaian, haurrek puzgarrietan jolasteko aukera eduki zuten eta 3×3 futbol txapelketa bat ere egon zen, 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat.

Bestalde, zelai nagusian hainbat futbol partida jokatu ziren. Alde batetik, Urolako beteranoek egungo jokalarien aurka jokatu zuten. Gazteak nagusitu ziren, 4 eta 1. Hiruko txapelketa bat ere jokatu zen. Emakumezkoen hiru taldek parte hartu zuten: Urolako seniorrak, kadete mailako Gipuzkoako selekzioa eta kadete mailako Bizkaiko selekzioa. Bizkaiko selekzioa nagusitu zen. Bigarren postuan Gipuzkoako selekzioa sailkatu zen eta hirugarrenean Urolako neskak.

Belar artifizial berria Gainera, Zumarragako Udaleko ordezkariek, Urolako zuzendaritzak eta 50. urteurreneko batzordeak Argixaoko berdegune berriaren inaugurazio ofiziala egin zuten. Ekitaldian, Harkaitz Millan Kirol diputatuak, Manuel Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak ere parte hartu zuten.

Urolak duela urtebete aurkeztu zituen urteurreneko ospakizunak. Ekitaldi guztiak denboraldi honetan egin dira. Irailean Antioko amabirjinari ohiko lore eskaintza egin zioten, Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatu zen eta 50. urteurreneko ekipazioa aurkeztu zuten.

Otsailean Jon Plazaolak bakarrizketa egin zuen eta solasaldi bat gidatu zuen. Martxoan Joseba Apaolaza etorri zen, Jokoz kanpo antzezlanarekin. Apaolaza eta Plazaola Urolako jokalari ohiak dira. Aste Santuan, urteroko moduan, Iñaki Mendiluzeren oroimenezko txapelketa jokatu zen. Urteurrena dela eta, ohi baino talde gehiagok parte hartu zuten. Aurki klubari buruzko liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte.

20/06/2022