Buscar
Gipuzkoa

Urretxu | A-636 errepideko bidesarien aurkako auto-ilara egingo dute larunbatean

Urretxu | A-636 errepideko bidesarien aurkako auto-ilara egingo dute larunbatean
Urretxu | A-636 errepideko bidesarien aurkako auto-ilara egingo dute larunbatean

urretxu – A-636ko bidesarien aurkako plataformak auto-ilara egingo du larunbatean Beasaindik Bergarara doan errepide zaharrean. 11.00etan abiatuko dira Urretxuko Mugitegi industrialdetik, Ormaiztegirantz. Beste hiru topagune egongo dira: 11.30ean Beasaingo CAFeko aparkalekuan, 12.00etan Zumarragako Eitza auzoan eta 12.30ean Bergarako Lebagaraieta kiroldegian. 13.00etan Mugitegi industrialdera itzuliko dira.

Plataformako kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo. "Gezurra esan digute, Europak bidesaria inposatzen duela eta lurralde kohesioagatik egiten dela esan dutenean. Egia esan, bidesaria eta haren baldintzak (hasiera data, kuotak eta urteko igoerak) honako banku erakunde hauek ezarri dituzte Aldundiak eskatu zuen maileguan: BBVA, Banco de Santander, Banco de Sabadell, Banco Popular Español, Bankinter, Bankoa, Abanca eta Caixabank. Bidegik, Aldundiaren erakundeak, zor handia du eta gure politikariek erabaki dute Urola Garaiko, Goierriko eta Debagoienako ikasle eta langileok ordainduko dugula".

EAJ eta PSE-EEko alkateen jarrera salatu zuten. "Neurriaren alde agertu dira argi eta garbi, nahiz eta jakin kalte ekonomiko larria izango dela langile eta ikasleentzat (380 euro inguru lehenengo urtean). Era berean, merkataritza eta industria ahuldu egingo dira. Hala ere, gure alkateek interes pertsonala (kartera, alderdi barruko estatusa, aulkia mantentzea) lehenetsi dute".

EH Bilduri argi hitz egiteko eskatu zioten. "Galdetu al daiteke Bilduk zer egingo duen Gipuzkoako Foru Aldundian berriro agintzen badu? Bere jarrera anbibalentea da. EAJk eta PSE-EEk dagoeneko besarkatu duten erabiltzen duenak ordaindu egiten du lelo neoliberal hori bere egingo al du? Hezkuntzan, osasunean edo gizarte laguntzan ere aplikatuko al dute?".

Beasain-Bergara errepide zaharretik joango dira

eta hiru topagune egongo dira: Beasainen, Zumarragan eta Bergaran

2021-06-04T08:02:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo