Urretxu – Ostiral eguerdian Urretxu eta Zumarragako Gabonetako erakusleiho lehiaketako sariak banatu zituzten. Lehen saria Urretxuko Aixa fruta-dendak irabazi du, bigarrena Zumarragako A.M. mertzeriak eta hirugarrena Urretxuko Bidegorri jantzi-dendak. Bi aipamen ere egon dira. Zumarragako Natalietta jantzi-dendarentzat eta Zumarragako Zimer etxetresna-dendarentzat izan dira. Azkenik, herritarren saria Nataliettak jaso du.
Sari banaketa Urretxuko udaletxean izan zen. Ekitaldian Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Fidalgok lehiaketaren 17. edizioa dela gogoratu zuen. “Merkatariei zuen inplikazioa eskertu nahi dizuet. Inplikazio pertsonala eta kolektiboa. Izan ere, erakusleihoak prestatzeko gogor lan egin behar da eta lehiaketa antolatzeko ere bai. Urtero berrikuntzaren bat egiten duzue eta aurtengoa herritarren saria izan da. Horri esker, herritarrek ere lehiaketan parte hartzea lortu duzue. 31 merkatarik parte hartu duzue. Eskerrik asko herria egiteagatik”.
Maila ona
Gonzalezek lehiaketan parte hartu duten erakusleihoen kalitatea “bikaina” dela esan zuen. “Epaimahaiko kideek irudimena, eraginkortasuna, originalitatea eta estetika epaitu dituzte. Erakusleihoen maila bikaina dela eta, oso zaila izan zaie erabakia hartzea. Merkataritza oso garrantzitsua da gure herrientzat eta herritarrei Gabonetako opariak herrian erosteko eskatu nahi diet”.
Lehen saria irabazi duen erakusleihoa Karmele Monterrubiok eta Beatriz Perezek prestatu dute. Biak oso pozik zeuden, noski. “Dendak 20 urte ditu. Duela urte batzuk aipamen bat lortu genuen, baina lehenengoz lortu dugu lehen saria. Ilusio handia egin digu”.
Tren bat eta tren geltoki bat egin dituzte, dendan erabiltzen duten materialarekin. Merkantzia-trenak dendan saltzen dituzten produktuak daramatza. “Iazko Gabonetan erabaki genuen aurten zer egingo genuen. Urrian hasi ginen erakusleihoa prestatzen. Asko gustatzen zaigu erakusleihoa apaintzea”, aipatu zuten.