urretxu – Ez dago jairik antolatzerik, baina Urretxuko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu kulturari bultzada emateko.
Ostiral arratsaldean Iparragirre 2020 erakusketa ireki zuten Juan de Lizarazu aretoan. Bertan, Iparragirrerekin eta bere jaiotzaren 200. urteurreneko ospakizunekin lotutako argazkiak eta bestelako materiala bildu dituzte.
Gainera, Jose Angel Igartzabalek liburuxka bat aurkeztu zuen. Bertan, Iparragirrerekin lotutako gertakariak eta ekitaldiak jaso ditu. Erakusketa urriaren 3a arte egongo da zabalik: asteartetik igandera, 17.30etik 20.30era.
Maialen Fidalgo zinegotziak Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenaren ospakizuna "gazi-gozoa" izan dela onartu zuen. Gazia pandemiak behar bezala ospatzen utzi ez duelako eta gozoa herrigintzan jarduteko eta Iparragirreren figura hobeto ezagutzeko balio izan duelako. "Iparragirre min-tzagai izan da Urretxuko etxeetan eta kultur taldeek elkarrekin lan egin dute. Gainera, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultza-tzeko balio izan digu. Iparragirreren emaztea, Anjela Kerexeta, ezagutu dugu eta bere eskutik XIX. mendeko emakumea ezagutzeko aukera eduki dugu", esan zuen.
Fidalgok Iparragirre 2020 egitasmoan parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien, Igartzabali hitza eman aurretik. "Urretxu eta Iparragirre bihotzean daramatzat, amaren aldeko familia Urretxukoa baita. Nire aitona, Juan Jose Belaustegi, Iparragirreren jaiotzaren lehen mendeurrena ospatzeko eratu zen batzordeko idazkaria izan zen. Musikari handia izan zen eta Iparragirrek Gernikako Arbola konposatu izana zalantzan jarri zenean, Iparragirrek konposatu zuela defendatu zuen. Nire aitonak Iparragirreren busto bat zuen eta busto hori nire etxean dago egun. Nire aitonaren anaiak, berriz, Iparragirreren lehen biografia idatzi zuen. Iparragirre Euskal Herriko ikono bat da eta maitasun handiz idatzi dut berari buruzko liburuxka", esan zuen Igartzabalek.
Liburuxkaren aurkezpenaren ondoren, Anjela Kerexetaren erraldoia aurkeztu zuten. Anjelak lehen kalejira egin zuen, dultzaineroek eta ehunka haurrek lagunduta. Pagoetatik Ederrena pilotalekura joan zen, txalo artean.
Ederrena pilotalekuan aurkezpen ofiziala egin zuten. Bertsolariek bertso batzuk abestu zituzten eta erraldoiek dantza egin zuten. Gainera, bertaratuek Kerexetak emandako elkarrizketa bat entzuteko aukera eduki zuten.
Atzo ere Iraila Kulturaleko ekitaldiak egon ziren. Eguerdian, Kimuak taldeak genEroa dantza ikuskizuna egin zuen Ederrena pilotalekuan, Arratsaldean, hip hop jaialdia egon zen Labeagan eta txistulariek kalejira eta alardea egin zituzten.
Hurrengo ekitaldiak Gaur goizean, berriz, folklore eta artisau azokak egongo dira Gernikako Arbola eta Iparragirre plazetan. Asteburu honetako ekitaldiekin bukatzeko, Esne Beltza eta Amak taldeek kon-tzertua egingo dute gaur Ederrena pilotalekuan. 19.00etan hasiko da. Kontzerturako gonbidapenak agortu egin dira.
Azken ekitaldiak datorren astean izango dira. Bihar, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, haur jolasak egongo dira Belaustegi plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Aldiri kiroldegian izango dira.
Larunbatean, Iraila Kulturalaren eta ETS (En Tol Sarmiento) taldearen biraren amaiera ospatuko dute. Bi emanaldi egingo dituzte, 18.30ean eta 21.00etan, pilotalekuan. Gonbidapenak asteartean, asteazkenean eta ostegunean banatuko dituzte, kultur etxean: 11.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era. Bi gonbidapen banatuko dituzte pertsonako.
Gaur, 10.00etatik 14.30era, folklore eta artisau azokak egongo dira Gernikako Arbola eta Iparragirre plazetan