Urretxu – Energia sortzeko eta kontsumitzeko modu berri baterako trantsizioa abian da eta norberak egin dezakeena ezagutzea funtsezkoa da fakturan aurreztea lortu nahi bada. Hori dela eta, Uggasa garapen agentziak, Urola Garaia mankomunitateko udalekin eta Merkataritzako Bulego Teknikoarekin batera, merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu profesionalei zuzendutako tailer bat antolatu du.
Energia aditu batek, hurbileko eta konfiantzazko giro batean, kontsumo datuak, fakturak eta egungo merkatu elektrikoan gertatzen ari dena nola ulertu azalduko du. Horretaz gain, adituak energia aurrezteko gakoak emango dizkie parte hartzaileei.
Antolatzaileek merkatariak, ostalariak eta zerbitzuen arloko profesionalak tailera honetan parte har-tzera animatu dituzte. Faktura bat eraman behar dute eta adituak behar dituzten azalpen guztiak emango dizkie.
Hiru tailer antolatu dira, toki eta ordutegi ezberdinetan, bakoitzak hobekien datorkiona aukeratu ahal dezan. Zumarragan egingo dutena datorren ostegunean izango da (Zelai Arizti kultur etxean, 9.30etik 12.00etara), Urretxukoa ere datorren ostegunean izango da (Aizpurunea kultur etxean, 14.00etatik 16.30era) eta Legazpikoa azaroaren 10ean (kultur etxean, 14.00etatik 16.30era).
Aldundiaren babesarekin
Ekintza hau Urola Garaia mankomunitateak sustatzen duen Jasangarritasun Energetiko Planaren barne antolatu da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuaren babesa du.
Parte harte hartu nahi dutenek, izena eman beharra dute. Horretarako, https://form.jotform.com/222983971787375 webgunera jo behar da.
Informazio gehiago jasotzeko, energia@uggasa.eus helbide elektronikora idatzi daiteke edo 943 72 52 16 telefono zenbakira deitu. – A.Z.