Buscar
Gipuzkoa

Urretxu eta Zumarraga | Kulturaren inguruko kezka

Egitasmoan parte hartzen ari direnetako batzuk. Argazkia: Gari Oiartzabal
Egitasmoan parte hartzen ari direnetako batzuk. Argazkia: Gari Oiartzabal

zumarraga – Herriko kultur mugimenduaz kezkaturik dauden hainbat urretxuarrek eta zumarragarrek Kultur Aterkia izeneko proiektua sortu dute. Gaur emango diote hasiera, erakusketa batekin. 19.00etan izango da, Zelai Arizti parkean.

Herritar talde hau irailean hasi zen lanean, bizi den egoeragatik kezkatuta. "Pandemiaren eraginez, lehendik ere motelduta zegoen kultur mugimendua oso geldituta dagoela ondorioztatu dugu".

Osasun egoera dela eta, zuhurtziaz jokatu behar da. Baina horrek ezin du kultura ito. "Kontziente gara, osasun egoerak, guztiz baldintzatzen duela egungo egoera. Gu ere kezkatuta gaude eta uler-tzen dugu jendearen ezinegona egoera orokorraren aurrean. Gure ustez ordea, horrek ez du esan nahi ezer egin ezin daitekeenik. Kultura ezinbestekoa da gure ustez, eta garai zail hauetan ere, oinarrizkoa da pertsonen arteko lotura eta elkarrizketa bultzatzeko. Kultura presente eta bizirik egon daiteke eta egon behar da, beti ere, osasun jarraibideak errespetatuz eta babes neurriak beteaz".

Lehen ekitaldia kale erakusketa bat izango da. "Erakusketa honen helburua herritarren artean harridura sortzea eta kulturak gizartean duen tokiari buruzko eztabaida bultzatzea da, herriko artistei leku bat eman eta bere lanak balioan jarriz".

Kale erakusketa hau hainbat egunetan zehar izango da ikusgai herriko hainbat txoko ezberdinetan. Irekiera ekitaldia gaur izango da, 19.00etan, Zelai Arizti parkean. Eguraldi txarra eginez gero Zumarragako azokako arkupeetan izango da.

Erakusketa honetan Urretxuko eta Zumarragako hainbat artisten lanak jaso dituzte eta irekiera ekitaldiaren ondoren bi herrietan kokatuko diren artelanak bisitatuko dituzte sortzaileekin batera.

2021-06-05T14:56:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo