Gipuzkoa

Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteak sokatira taldeko kideak omendu ditu

Urretxu eta Zumarragako sokatira tiratzaile talde bat 90ko hamarkada hasieran.

zumarraga – Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteak sokatira taldean aritu ziren herritarrak omendu zituen ostiral iluntzean Urretxuko Labeaga aretoan. Izaskun Arruti elkarteko idazkariak aurkezle lanak egin zituen. Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak ere parte hartu zuten. Gainera, Beñat Torresek bertsoak abestu zituen. Ekitaldiaren muina sokatira taldean aritu ziren testigantzak jasotzen dituen ordu erdiko bideoa izan zen.

Tiratzaileek ondo merezitako omenaldia jaso zuten. Izan ere, Urretxuk eta Zumarragak ekarpen handia egin diote sokatira munduari. 1974tik, Urretxuko jaietako astelehenean kuadrillen arteko sokatira txapelketa antolatzen da. Hortik, emakumezkoen eta gizonezkoen sokatira taldeak sortu ziren 1970eko hamarkada amaieran. Bi taldeek Euskadiko txapelketa irabazi zuten. Gizonezkoenak munduko txapelketetan ere parte hartu zuen. Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteak sokatira talde hauetan du jatorria.

Urretxuarrek eta zumarragarrek atzerrian egindako lanak aipamen berezia merezi du. "Atzerrian ez zen hemen bezala egiten sokatira. Belardian jokatzen zen. Ezberdintasunak nabarmenak ziren: oinetakoak, tiraldien denbora, teknika... Euskal talde asko atzera bota ziren, baina Golden taldea ausartu eta modalitate berrian murgildu zen. Hemengo federakuntzak nazioarteko federakuntzako pertsona aditu bat ekarri zuen, erakusteko", gogoratu zuen Arrutik. Urretxu eta Zumarragako Golden taldeak 1983an salto egin zuen atzerrira. Suitzan eta Holandan bitan izan ziren. Italiara eta Irlandara ere joan ziren.

1988an, bidaia hauek egiteko diru-laguntzak lortzearren, herri kirol elkartea sortu zuten. Handik urte gutxitara sokatira taldea desagertu egin zen, baina beraiek egindako lanari esker, Urretxuk eta Zumarragak herri kirol elkartea dute.

Bideoan emakumezkoen eta gizonezkoen taldeetan parte hartu zuten kide askoren testigantzak jaso dituzte, Anjel Errazu buru. Errazuk jaietako sokatira txapelketa Txibisto zenaren ekimenez antolatzen dela gogoratu du bideoan. Herri kirol elkarteak beste askoren lekukotzak ere jaso ditu: Joxepi Plazaola, Jesus Etxaniz, Ramon Zufiria, Inazio Izagirre, Ino Ugarteburu, Jose Luis Elgarresta, Migel Elgarresta, Iker Telleria, Juan Etxeberria, Jabier Aranberri, Jesus Lizarazu, Pepi Jauregi, Bittor Urbegain, Karlos Mujika... Golden dantzalekuko Amaia Agirre eta Jose Migel Ormazabali ere hitza eman diete. Izan ere, Golden dantzalekua izan zen sokatira taldea babestu zuena.

Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteak, ostiraleko omenaldia antolatzeaz gain, Euskadiko sokatira txapelketa antolatu du (600 kiloko kategorian). Gaur jokatuko da, 11.30etik aurrera, Zumarragako Etxeberri auzoan. Aparkalekuaren parean dagoen zelaian, hain zuzen ere. Zazpi taldek parte hartuko dute: Mutriku, Goiherri, Akelarre, Getxo eta Gaztedi A, B eta C. Ikuslerik gabe jokatuko da. Arrutik elkartasun mezu bat bidali zien Mutrikuko taldekoei Herri Kirol Elkartekoen izenean. Izan ere, joan zen astean beraien taldekide bat hil zen: Ekaitz Salcedo.

28/06/2021