Gipuzkoa

Urretxu eta Zumarragako udalek euskarazko ekitaldi asko antolatu dituzte udaberrirako

Asteazkenean Euskaraldiaren gune ibiltaria etorriko da eta Kidam magoa bi herrietako kaleetan ibiliko da
Josu Idigoras eta Alex Gonzalez, Zumarragako eta Urretxuko Euskara batzordeburuak, aurkezpen ekitaldian.
Josu Idigoras eta Alex Gonzalez, Zumarragako eta Urretxuko Euskara batzordeburuak, aurkezpen ekitaldian. / Asier Zaldua

Urretxu eta Zumarragako udalek udaberriko euskarazko ekitaldiak aurkeztu dituzte.

Hilaren 26an Euskaraldiaren gune ibiltaria etorriko da. Areizaga-Kalebarren plazan izango da, 17.00etatik 20.00etara. Euskaraldiaren inguruko informazioa eta materiala eskainiko dute. Arratsalde hori girotzeko, 17.00etatik aurrera Kidam magoa bi herrietako kaleetan ibiliko da.

Bi udalek mikroipuin lehiaketa bat ere antolatu dute. Lanak apirilean aurkeztu beharko dira eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 22an izango da. Oinarriak udalen webguneetan argitaratu dituzte. Ipuinak 500 eta 1.000 karaktere artekoak izan behar dira. Sei sari banatuko dituzte: hiru 16 urtez azpikoentzat eta beste hiru 16 urtetik gorakoentzat.

Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak mendi ibilaldi kulturala antolatu du, Deskarga inguruan. Maiatzaren 18an egingo dute. Parte har-tzaileak 9.00etan abiatuko dira, Areizaga Kalebarrenetik.

Bestalde, udalek udaberrian ere jolasak antolatu dituzte. Maiatzaren 10ean, 17.00etan, jolas kooperatiboak egingo dituzte Areizaga-Kalebarren plazan. Maiatzaren 24an, ordu eta toki berean, ginkana egingo dute. Jolasekin bukatzeko, ekainaren 13an, 17.00etatik 20.00etara, dronekin jolasteko aukera izango da. Izena emateko, labur.eus/dronak helbidera jo behar da. Jolas kooperatiboak eta ginkana LHkoentzat dira eta dronak DBHkoentzat.

Ikastaroei dagokienez, Egoitz Aizpuruk antzerki inprobisatu ikastaroak emango ditu. LH5 eta 6ko ikasleena jada martxan da. Arrakasta ikusita, 18 urtetik gorakoentzat ere antolatu dute. Maiatzeko asteazkenetan izango da, 19.00etatik 21.00etara. Parte hartzeko labur.eus/antzerkiahelduak helbidean eman behar da izena.

Neguan haurrentzako euskarazko zine emanaldiek %75eko deskontua izan dute. Apirileko saioko sarrerak ere %75eko deskontua izango du. Zinearekin jarraituz, hilaren 26an Ombuaren itzala pelikula emango dute. Otaño bertsolariari buruzko pelikula hori Patxi Biskertek zuzendu du. Emanaldia 20.00etan hasiko da eta Biskert bertan izango da.

Urretxu eta Zumarragako udalek diru-laguntza berriak ere eskainiko dituzte: begirale ikastaroa euskaraz egiten duten herritarrek eta promozio bideoak euskaraz egiten dituzten merkatari eta ostalariek %50eko diru-laguntza izango dute.

Literaturari dagokionez, apirilaren 8an irakurleek Egañazpi liburuari buruz hitz egingo dute Gorka Erostarbe idazle zumarragarrarekin.

Hiru antzerki emanaldi izango dira: apirilaren 13an Kelonia haurrentzat, maiatzaren 9an Arizona helduentzat eta maiatzaren 11an Pirritx, Porrotx eta konpainiaren Ostirala iritsi da!.

Bukatzeko, bi udalek gurasoentzako lehiaketak ere antolatu dituzte: apirilean LH1 eta 2koentzat, maiatzean DBH3 eta 4, Haur Hezkuntza eta LH1 eta 2koentzat eta ekainean DBH 1 eta 2koentzat.

2025-03-19T23:14:21+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo