Buscar
Gipuzkoa

Urretxu: Hezitzaileek euskara erabiltzeko ekimena

Nerea Errasti eta Maialen Fidalgo zinegotziak, bi herrietako ekitaldiak aurkezten. Argazkia: N.G.
Nerea Errasti eta Maialen Fidalgo zinegotziak, bi herrietako ekitaldiak aurkezten. Argazkia: N.G.

urretxu – Euskaltzaleen Topaguneak Haurren aurrean helduok heldu dinamika jarri du abian, haurren guraso, zaintzaile, lagun, senide eta bestelako hezitzaileen artean euskarazko praktikak sustatzeko.

Ariketa atzo hasi zen eta abenduaren 5era bitartean egingo da, haurrak eta hezitzaileak batzen diren eremuetan. Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egingo dute, lehen hitzak euskaraz egingo dituzte eta kideak ulertu bai baina euskaraz hitz egiten ez badu, euskarari eutsiko diote elkarrizketa elebidunetan ere.

Helburua euskararen erabileran aurrerapausoak ematea eta helduak haurrentzat eredu izatea da. Izan ere, haurrei ematen zaien ereduak haien euskararen erabilerari eragiten dio. Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo.

Euskaltzaleen Topaguneak herriei parte hartzeko aukera eman die eta izena eman dutenen artean Legazpi, Urretxu eta Zumarraga daude. Hiru herrietan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Urretxu eta Zumarragari dagokionez, gaur, 17.00etatik 19.00etara, 6-9 urteko haurrentzako eta hezitzaileentzako jolasak egongo dira San Martin auzoko parkean. Bihar, 17.00etan, bertso saio motzak egingo dituzte Urretxuko parkeetan. Etzi ere jolasak, egongo dira, 17.00etatik 19.00etara, euskaltegiko parkean. Aste honetako ekitaldiekin buka-tzeko, ostiralean Inun taldeak kon-tzertua emango du. 17.00etan izango da, Areizaga-Kalebarren plazan.

Datorren astean ere hainbat ekitaldi egongo dira. Asteartean jolasak egongo dira, 17.00etatik 19.00etara, Zelai Arizti parkean. Asteazkenean bertso saio motzak egingo dituzte: 17.00etatik aurrera, Zumarragako parkeetan. Ostegunean, jolasak egongo dira berriro: 17.00etatik 19.00etara, Izazpi auzoko parkean. Ostiralean Mintzodromoa egingo dute: Zumarragako plazako arkupeetan, 18.30ean. Bukatzeko, igandean (abenduak 5) Txan magoaren ikuskizuna egongo da: 17.00etan, Labeaga aretoan.

Legazpiko ekintzei dagokienez, bihar bertso xaxatzaileak botako dituzte parkeetan. 16.30ean hasiko dira. Ipuin labur-labur-laburren lehiaketa ere antolatu dute. Ipuina haur eta helduen artean idatzi behar dute. Hilaren 28rako Laubideko eta Kale Nagusiko etxetxoetan sartu behar da.

2021-11-24T09:54:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo