Gipuzkoa

Urretxuko Gainzuri-Komentua eremuan hamar etxe gehiago egingo dituzte

75 etxebizitza egingo dituzte guztira eremu horretan: 29 babestuak izango dira eta 46 libreak
Ezkerraldean Gainzuri ikastetxea eta eskuinaldean etxeak hartuko dituen lursaila.
Ezkerraldean Gainzuri ikastetxea eta eskuinaldean etxeak hartuko dituen lursaila. / Asier Zaldua

Actualizado hace 1 minuto

Urretxuko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko (HAPO) 11.1 azpieremuan (Gainzuri-Komentua) aldaketa bat egingo du, bertan hamar etxebizitza gehiago egin ahal izateko. Aldaketa osoko bilkuran onartu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Hamar etxebizitza gehiago egin ahal izateko, HAPOn aldaketa egiteaz gain, sustatzailearekin hitzarmen berri bat sinatuko da.

Gainzuri-Komentua azpieremuko aldaketa sustatzaileak eskatuta egingo da. “Azken urteotan lehengaien prezioak igo egin dira eta eraikitzaileak sustapena ez zela bideragarria esan zigun”, aipatu zuen Igor Zubillaga zinegotziak. Izan ere, sustapen horrek karga urbanistiko garrantzitsua du. Eraikitzaileak bi igogailu egin behar ditu, besteak beste.

Egitasmoa aurrera atera dadin, eraikitzaileak 1.000 metro koadro gehiago izango ditu. Bi eraikinetako bati solairu bat gehituko zaio eta solairu horretan hamar etzebizitza egingo dira. Horietatik, lau babestuak izango dira eta sei libreak. Hala, 75 etxebizitza egingo dira guztira. 46 libreak izango dira eta 29 babestuak.

Zubillagak egitasmo hau oso garrantzitsua dela esan zuen. “Bi igogailu egiteaz gain, haurreskolan larraldietarako irteera berria egingo da. Gainera, 700 metro koadroko lurzorua lortu dugu eta eskola publikoak jolasleku bezala erabiliko du. Egitasmo honek herriaren interesa defendatzen du”.

EH Bilduk abstentzioa eman zuen, ez baitago ados eremu horretarako aurreikusitako hirigintza proiektuarekin. “2021ean, hitzarmen originala sinatu zenean, ez ginela oztopo izango esan genuen. Etxebizitzen ingurukoa gizartearen kezka nagusietakoa da. Abstentzioa emango dugu, orduan bezala”.

Osoko bilkuran beste gai batzuk ere landu ziren. Udal eraikin eta lokalen garbiketaren kontratuan aldaketa egin zuten, haurreskolan haur gehiago daudelako eta bi gela gehiago garbitu behar direlako. Hala, garbitzaileek denbora gehiago behar dute garbiketa egiteko.

Horretaz gain, diru-laguntza programak onartu zituzten. Gizarte Ekimena sailari dagokionez, gizarte arloan lan egiten duten herriko elkarteei, nazioarteko lankidetzan lan egiten dutenei, gizarte bazterketa arriskuan daudenei eta merkatariei emango dizkiete diru-laguntzak. Udal tasa eta prezio publikoak ordaintzeko laguntzak ere banatuko dira.

Sustapen Soziokulturala sailari dagokionez, euskara, kirola eta kultura bultzatzeko diru-laguntzak banatuko dira. Urretxu Kirola bekaren bigarren edizioa ere onartu zen. 5.000 euro banatuko dituzte baldintzak betetzen dituzten herriko goi mailako kirolarien artean.

Horretaz guztiaz gain, Urretxuko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien jarduera mantentzeko diru-laguntzak onartu zituzten.

2025-03-13T19:17:19+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo