Buscar
Gipuzkoa

Urretxuko mineralari gorazarre

Urretxuko ofita harrobia. | ARGAZKIA: N.G.
Urretxuko ofita harrobia. | ARGAZKIA: N.G.

Mineralak zeresan handia ematen ari dira azkenaldian. Urretxuk ere badu mineral baliotsu bat: ofita. Bihar, mineral horri buruzko hitzaldia egingo dute Urretxuko kultur etxean, Ezagutu turismo industriala barrutik programaren barne. Gainera, kultur etxean bertan dagoen Urrelur mineral eta fosilen museoa bisitatuko dute. Ekitaldia 11.00etan izango da.

Harrobia Azkoitira bidean dago eta 100 urte inguru ditu dagoeneko. Bertako ofita Urolako trenbidean erabili zen eta egun AHTren trenbidean erabiltzen da, balasto bezala. Oso gogorra da, gainean trenbide-trabesak jartzeko oso aproposa.

Ofita sumendi batetik ateratako harkaitz mota bat da. Duela 90 milioi urte Afrikako eta Europako plakek talka egin zuten eta Pirinioak sortu ziren. Talka hark hemen ere eragina izan zuen: hemen ere talkak, hondoratzeak, altxatzeak… egon ziren. Garai hartan inguru hau urpean zegoen eta talka haien eraginez laba isurpenak egon ziren. Ofita uretan hoztu eta gogortu zen laba hura da.

Legazpin eta Ezkio-Itsason ere ekitaldiak antolatu dituzte industria turismoa ezagutzera emateko. Bihar, Legazpiko langileen ibilbiden bisita gidatuak egingo dituzte: 11.00etan euskaraz eta 12.30ean gazteleraz. Euskal Burdinaren Museoan, berriz, escape room-a egingo dute: 17.00etan euskaraz eta 18.30ean gazteleraz. Igandean Chillida Lantokia eta Fabrika gunea bisitatzeko aukera, egongo da: 11.00etan gazteleraz eta 13.00etan euskaraz. Egun berean, 11.30ean eta 12.30ean, Mirandaolako burdinola martxan jarriko dute. 11.30eko bisitako azalpenak euskaraz izango dira eta 12.30ekoak gazteleraz.

Bukatzeko, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian bi ekitaldi antolatu dituzte. Biak bihar izango dira. Goizean bisita gidatua egingo dute. 11.00etako bisita euskaraz izango da eta 12.45ekoa gazteleraz. Arratsaldean, berriz, bisitariek sagar zukua egingo dute Igartubeitiko dolarean.

Ekitaldi hauetan parte hartzeko, izena eman behar da. Horretarako, 943 722 042 zenbakira deitu behar da.

2023-03-18T01:17:07+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo