Urretxuko Udalak eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitzeko pleguak onartu ditu. Udalak zaintzaileek egiten duten lan ona saritu nahi izan du eta horretarako pleguetan soldaten igoera eta zerbitzuaren indartzea jaso ditu. Alderdi guztiek alde bozkatu dute.
Eguneko zentroko eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen soldata %13,4 igoko da. Hasteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022rako proposatutako %6,4ko igoera ezarriko zaie langileei (atzeraeraginezkoa). Igoera horri aurtengoa eta datorren urtekoa gehituko zaizkio. Aurtengoa %3koa izango da eta datorren urtekoa %4koa.
Langileei soldata igotzeaz gain, zerbitzua hobetuko da. Koordinatzaile lana egiten duen gizarte langilearen kontratua lanaldi osokoa izatera pasako da. Eguneko zentroko psikologoaren lanaldia, berriz, %14,28 igoko da.
Neurri horiekin, Urretxuko Udalak zaintzaileen lan ona aitortu eta zerbitzua indartu nahi du. “Gizarte Ekintza departamendua estrategikoa da guretzat. Geroz eta pertsona gehiago bakarrik bizi dira. Horietako asko, mendekoak dira edo mendekoak izateko arriskuan daude. Egoera horri aurre egiteko, Tokiko Zaintzaren Ekosistema egitasmoa prestatu dugu”, azaldu du Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak.
Eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzua “funtsezkoak” dira. Eguneko zentroan plaza gehiago eskaintzeko asmoa dute eta, gainera, Pagoetan adinekoen-tzako apartamentuak egiten ari dira.
Eguneko zentroko eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua urtebetekoa izango da eta beste urtebete luzatu ahal izango da. Motza da, hiru urte barru Urretxuko Udalak zerbitzu berriak eskainiko dituelako eta eguneko zentroak plaza gehiago izango dituelako.
Egutegia eta ordutegia
Pleguetan eguneko zentroko zerbitzu gehigarriak ere jasotzen dira. Adibidez, elikadura eta podologia. Bazkariak eta afariak bertan prestatuko dira, bertako dendetan erositako bertako produktuekin. Egutegia orain arteko berbera izango da. Egunero irekiko da, urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean ez ezik, 10.30etik 20.30era. Lanegunetan 32 plaza ditu eta asteburuetan eta jaiegunetan 30.