Urriaren 1ean eta 2an, larunbata eta igandea, Bilbok Open House Bilbao jaialdiaren seigarren edizioa jasoko du. Aurtengo leloa 'Zentzumenen uria' izango da.
Aurten ere, Bilbok bat egin du Open House Worldwide nazioarteko sarea osatzen duten 45 hirien arteko ekintza bateratuarekin, arkitekturaren eta hirigintzaren arloan bikaintasuna hedatzeko eta defendatzeko.
Osasun-larrialdiko egoeraren ondoren, ekitaldiak hasierako formatua berreskuratuko du eta, bertan, ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea; gainera, hirurogei espaziotik gorako ateak irekiko ditu Bilbon.
Open House Bilbao Jaialdiaren seigarren edizioak gogoeta egingo du uriari buruz denok ditugun pertzepzio indibidual eta subjektiboen inguruan. Pertzepzio horiek bakarrak eta desberdinak dira pertsona bakoitzaren egoeraren eta gaitasunen arabera, baina, era berean, argi dago badirela iruditeria kolektiboan irauten duten eta nolabaiteko adostasuna sortzen duten ezaugarri batzuk: kale bihurgunetsu eta gaizki argiztatuta egoteak segurtasunik ezaren sentsazioa transmitituko digu beti; itsasadarraren ertzean dagoen pasealeku batek, berriz, landaretzaz eta argi naturalez bustita, pozez beteko gaitu.
Izan ere, gure bost zentzumenen bidez, uria ikusi, ukitu, entzun, usaindu edo, are, dastatu ere egin dezakegu. Gainera, zentzumen horietako bakoitza gai da ustez ahaztutako une, oroitzapen edo bizipen bat gogora ekartzeko.
Hori dela-eta, aurten, 2022an, Open House Bilbaok arreta jarriko du pertsonengan eta horiek uria eta eraikitako ingurunea hautemateko moduan eta haiekin elkarreragiteko moduan.
Open espazioak
Jaialdiaren helburua da ahalik eta jende gehiagorengana eta jende anitzengana iristea, bai arkitekturan espezializatu gabeko ikusleengana, bai sektoreko profesionalengana. Horretarako, kultura-programa zabala diseinatu da. Programa horren barruan, jarduera nagusia eraikin adierazgarriak bisitatzea da, haien arkitektura, historia eta kultura ezagutzeko.
Gune horietara egiten diren bisitak ehunka boluntarioren inplikazioari, konpromisoari eta gogo biziari esker egiten dira. Boluntario horiek sarrerak eta bisita kontrolatzen dituzte. Bisita 20 minutu inguruko ibilbide gidatua da, 10-25 pertsonako taldeetan, bisitatu beharreko espazioaren ezaugarrien arabera.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dira. Arkitekturaren zeregina zabaltzea da helburua, ikuspegi estilistiko, tipologiko eta historiko batetik ez ezik, ikuspegi sozial batetik ere, eraikinen barruan bizitako historiak azalduz, horiek baitira, azken batean, uriaren funtsa.
Bisita horiek doan egin ahal izango dira eta, ziur aski, aurretik izena eman beharrik ez dagoen ohiko formatua berreskuratuko da. Kasu jakin batzuetan, aldez aurretik izena emateko aukera aztertuko da, edo biak konbinatuko dituen formatu mistoa.
Azken bi edizioetan, pandemiaren ondorioz, espazio bisitagarrien katalogoa nabarmen murriztu bazen ere, seigarren edizio honetan uri osoan zehar banatutako 60 espazio baino gehiago irekitzea espero da.
Beste jarduera batzuk ere programatuko dira, hala nola uriko ibilaldi espezializatuak, bisita bereziak eta egileen bisitak, eta itsasontzietako ibilaldiak.
Boluntarioak
Aurtengo edizioan parte hartu nahi duenak web orrialde honetan eman dezake izena. Gainera, boluntarioen programari buruzko edozein argibide nahi izanez gero, posta elektronikoaren bidez egin daiteke harremana: boluntario@openhousebilbao.org
EAEko hainbat unibertsitateren eta jaialdiaren eta haren antolaketaren arteko lankidetza sendotu egin da, bertan modu aktiboan hartzen dute parte eta ekitaldia arrakastatsua izan dadin laguntzen dute. Besteak beste, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Unibertsitatea edo Bilboko IED Kunsthal.
Erakundea
Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako eta Bilboko Udalak babestutako ekitaldia da; OUT irabazi-asmorik gabeko elkartea da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.
Open House aukera bat da herritarrek beren uriaren inguruko kontzientzia har dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, gai horiek ezagutzera ematen dira, haien zabalkundea egiten eta jendarteratzen da publiko zabal baten artean, eta parte-hartzearen bidez egiten da.