Erdiz Bizirik plataformak Erdiz bizirik nahi dugu! Lurraren osasuna, gure etorkizuna lelopean, manifestazioa deitu du urriaren 12rako. Elizondoko plazatik abiatuko da protesta, 17.00etan. Manifestazio deialdia egiteko, igandean Elizondoko Merkatuko Plazan prentsa agerraldi jendetsu bat egin zuen plataformak, behi azienda pirinearraren lehiaketa-enkantea aprobetxatuta. Plataformako kideez gain, Erdizeko bazkalekura azienda alhatzera eramaten duten abeltzainek ere parte hartu zuten.
Erdiz Bizirikek nabarmendu zuen Magnesitas Navarrasek 2022ko uztailaren 29an Nafarroako Gobernuan Erdizen meategia eraikitzeko proiektua aurkeztu zuela, eta aldi berean, proiektu hau Foru Intereseko eta Udalez Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) bezala tramitatzea eskatu. Modu honetan, “berriz ere multinazional honek, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Baztango herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatzeko saiakera egiten ari da”, salatu zutenez.
Erdiz Biziriketik behin eta berriz adierazi dute “proiektu honek gure nekazaritza, osasuna, ingurumena, turismo, eta ekonomiarendako kalte ikaragarriak ekarriko lituzkeela. Behin eta berriz erran dugu multinazional honen helburu bakarra sosa bereganatzea dela, gu lurrik, urik eta bizimodurik gabe uzten gaituzten bitartean. Honengatik beharrezkoa da proiektu hau lehen bai lehen geldiarazi eta errotik moztea”.
Igandean Elizondon Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurugiro Departamentuko ordezkariak zeudela baliatuz, proiektu hau ez onartzea eskatu zuten. Aldi berean argi erran nahi izan zuten “herri honek segituko duela landa eremuak bizirik mantentzearen alde borrokan eta herrien burujabetza defenditzen”.
Horretarako karriketara atera eta “bai multinazionalei baita hauek babesten dituzten gobernu eta politikariei ere, Erdiz Bizirik nahi dugula argi jakinaraziko diegu”. Helburu horrekin herritar guztiak, 2022ko urriaren 12an arratsaldeko 17.00etan Elizondoko plazatik abiatuta, Erdiz Bizirikek antolatu duen manifestazioan parte hartzera gonbidatu zituen plataformak.