Buscar
Gipuzkoa

Urtarrila, zientziaz jositako hila Beasainen

Lemniskata zientzia elkarteak Beasaingo Igartza jauregian garatuko diren lau hitzaldi antolatu ditu
Argazki erakusketa Beasainen, Ordizian eta Lazkaon egongo da ikusgai. | ARGAZKIA: N.G.
Argazki erakusketa Beasainen, Ordizian eta Lazkaon egongo da ikusgai. | ARGAZKIA: N.G.

Urtearen hasierarekin bat, Lemniskatak, Goierriko zientzia sare herrikoiak, egitarau zabala antolatu du 2023ko lehen hilabeterako. Urtarrila zientziaz betea egongo da Goierriko eskualdean.

Urtarrila, matematikaren bila lelopean, elkarte zientifikoak lau hitzaldi, sari banaketa eta erakusketa antolatu ditu. Raúl Ibañez matematikariak emango dio hasiera programari. La gran familia de los números hitzaldia eskainiko du hilaren 13an. “Oso ikuspegi didaktikoarekin, Raúl Ibañezek zenbaki arrunten familia garrantzitsu batzuk aztertuko ditu. Era berean, bere propietate eta berezitasun nagusiak azalduko ditu, eta mundu errealean dituen aplikazioak, artelanetan duen presentzia edo puzzle matematikoetan eta magia-trikimailuetan duen erabilera erakutsiko du”, azaldu dute Lemniskatako kideek.

Bestalde, urtarrilaren 20an, Luz Roncal ikertzaileak, Las matemáticas en los premios Princesa de Asturias 2020 saioa eskainiko du. “Urte horretan Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa saria Emmanuel Candès, Ingrid Daubechies, Yves Meyer eta Terence Tao irakasleentzat izan zen. Sarituen mugarri matematiko batzuk errepasatuko ditugu, eta hainbat agertokitan nola aplikatzen diren ikusiko dugu”, adierazi dute zientzia elkartetik.

Urtarrilaren 24an, berriz, Irantzu Barrio irakaslearen txanda izango da, Estatistika mundua ulertzeko bidelagun hitzaldiarekin. Grafiko eta taulen bitartez azalduko ditu estatistikaren nondik norakoak Barriosek.

Azkenik, Carlos Gorria irakasleak, Erronka industrialera zein sozialera bideratutako eredu eta soluzio matematikoak saioa aurkeztuko die goierritarrei, otsailaren 3an.

Hitzaldi guztiek Beasaingo Igartza Jauregia izango dute agertoki eta arratsaldeko 19.00etan garatuko dira.

Argazki lehiaketa

IX. Lemniskata Matematika Argazki Lehiaketaren sari-emate ekitaldia egingo da urtarrilaren 27an, Igartzan, 19.00etan. Bien bitartean, lehiaketara aurkeztutako argazkiekin antolatutako erakusketari hasiera emango zaio egunean bertan. Beasaingo Igartza Jauregian ikusgai egongo da otsailaren 5era arte. Jarraian Ordiziako Barrena Jauregian izango dira lanak, otsailaren 6tik 17ra bitarteko tartean. Azkenik, Lazkaoko Kultur Etxeak izango ditu argazkiak. Oraindik ez da zehaztu zein egunetan egongo den ikusgai Lazkaon argazki erakusketa.

2023-01-08T00:12:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo