Buscar
Cultura

Urtea bukatzeko soinu iradokizunak

Durangoko ipar izarrak gidatuta, bero dator bertoko gabonetako musika uzta
Urtea bukatzeko soinu iradokizunak
Urtea bukatzeko soinu iradokizunak

Actualizado hace 1 minuto

Orriotatik agurtzen dugun urtea laugarren urtez. Soinutopian Durangoko Azokarako, Olentzeroren zerrendarako edo etxean goxo disfrutatzeko disko sorta eskainiko dizuegu. Zerrenden eta lehiakortasunaren fan handiak ez gara, baina erakusleiho polita da inguruan jorratzen ari den musika balorean jartzeko. Gurean, beti izaten da argitalpen berriak deskubritzeko aro ona, talde eta artista askok urte bukaera probesten baitute musika argitara-tzeko. Aniztasun handia dakar neguko uzta honek: folka, oia, popa, ravea, punka, psikodelia… artista gazte zein eskarmentudunen eskutik. Eta noski, urte honetan askoz musika liluragarri gehiago dago, eta egongo da hurrengoan baita ere ziur. Urte berri on!

“Gaur ez naiz” Nize

Bi urtero. 2020an Ezin, 2022an Zu lo han eta 2024an Gaur ez naiz izenburuarekin eta azal (Anariren Irla izan maisulana dakar gogora) iradokigarriz bueltan da Nize. Haien formula pertsonala garatzen jarrai-tzen dute, atmosfera abstraktu, gitarra adierazkor eta ezkutuko ahotsen bidez, baina oraingoan elementu gehiago gehitu dizkiote proposamenari: sintetizagailuak, melodia gehiago, spoken worda zenbaitetan… gainera, hamar korteetako disko hau sorpresa bitxiak ekarriko dizkigun Barne zigilu berriaren lehenengo erreferentzietako bat da.

Gau rez naiz. Nize

Gau rez naiz. Nize

“Nekea” Akur

Slipknoteko abeslaria basauriko rave batean manga intro erako abestiak abesten entzun nahi baduzu, Adur da zure taldea. Txantxaz kanpo, bikote honek denbora gutxian lortu duena ikaragarria da, baina zentzu osoa du: euskal sutraiak albora utzi gabe, rave eta punk doinuak maisuki uztartu dituzte. Nekea da haien EP berria, eta berritasun askorekin dator. Gitarra arpegio sasiemoak, drumnbassera hurbiltzen diren erritmoak eta sinteak diruditen ahotsak eta bestelako ekoizpen trikimailuak.

Nekea - Adur

Nekea - Adur

“Zainak eman” Olatz Salvador

Lehen abestitik argi zuten du Salvadorrek, hau da bere lanik krudelena. Haragi bizitan errezitatuz hasten da diskoa, eta Euskal Herrian azkenaldian sortu den sonoritate garaikideena lortu du. Sentibera da, zirrara sortzen duen horietakoa. Kantautore formakuntza alde batera utzita, elektronika, geruzak eta baita dantzarako gonbitea eskaintzen du, ahotsaren identitatea eta hi-tzak erdigunean jarriz. Dudarik gabe urteko disko interesgarrienetako baten aurrean gaude. Begiak itxi eta emozioak zabaltzen dituen horietakoa.

Zainak eman - Olatz Salvador

Zainak eman - Olatz Salvador

“Ostabe zuloan” Txopet

Ahotsari etekin gehiena ateratzen dion talde garaikidea da. Negua abestiaren lehen akorde zikinen gainean autotune, delay, tremolo eta intentsitateak maneiatzeko era txundigarria da, eta taldeak bere soinuaren heldutasuna lortu duelaren erakusgarri. Lehen lan luzearen ondoren EP motz hau eskeini du taldeak.Lanketa handia igartzen zaio lan bikainean. Jacobo Naya eta Urtzi Izaren lana izugarria da abestiei ekoizpen detaileak ematen, eta gainera, B aldean Alai, Malakias eta Otoiren remixak dakartza!

Ostabe zuloan - Txopet

Ostabe zuloan - Txopet

“Iaz” Gaizka Insunza 

Urteak eman ditu (eta jarraitzen du) Audience kultuzko taldean Gaizka Insunzak, 2019an bakarkako ibilbidea ere martxan jarri zuen arte. Ohiko americana jorratzen du, baina Iaz lan berri honetan denetarako dago tokia: harmonika eta metalak, pianoa…baina baita feedback apur bat eta postfolkarentzako ere. Abestiek behar duena eman diolaren antza du: orain emakumezko koroak eta xilofonoa, orain arpa moduko bat, hemen elektrikoa, hemen akustikoa, orain bateriarekin… hitzak intimoagoak dira, Insunzak maisuki defendatzen dituenak ahots eta ahozkera dotore eta espresiboaren bidez.

Iaz - Gaizka Insunza

Iaz - Gaizka Insunza

“Amaitasuna” Maddi

Musikan eskarmentua badu ere, hau da Lizarrako Maddi Etxebarriaren lehen lan osoa bakarka. Lehenengoa izateko, ez da batere makala! Disko oso anitz eta interesgarria argitaratu du, rap eran kantatzen hasten da, letra ezin poetiko baina zuzenekin, interpelatzen duren horietakoak. Sintetizagailuak eta autotunea era naturalean daude erabilita, gehiegikeririk gabe. Ez duelako behar. Kantu soil baina borobilak, elementu gutxiekin ederto sartzen direnak. Zenbaitetan klasikoago, euskal kanten egiturak errespetatuz, besteetan etereoago, giro minimalista eta ameslarien gainean. Jarraitu beharreko artista.

Amaitasuna - Maddi

Amaitasuna - Maddi

“Enarak” Amorante, Rüdiger eta Liher 

Lehen euskal rock taldea 1967an sortu zuten eta hiru abesti bestetik ez bazuten grabatu, ordurako oso abangoardiakoa zen bluesa, psikodelia eta rock progresiboa jorratu zuten. Urte batzuk bestetik ez zuten iraun jotzen, 71an Larraitzen azken kontzertua eman zuten arte, 5.000 ikusle protohippientzat. Enarak da taldearen izena, eta aurten Bira Produkzioak kooperatibak dokumentala eskaini die. Grabatutako abesti horiek ere errekuperatu dituzte Rüdiger, Amorante eta Liher taldeek zuzenean Larraitzen jotzen, exorzismo eran. Emaitza LP ikusgarrian argitaratu da, Euskal melomano ororen bilduman egon behar duena.

Enarak

Enarak

“Esnatu” Hotza

Hotza Bilboko skinhead hirukotea da. EP fin baten ostean, lehen LPa argitaratu dute TAE eta Timebomb Recordasen laguntzarekin. Sergio Devesaren diseinutik estiloaren ezaugarri guztiak betetzen ditu lanak, baina ez da buruan duzun oi! hori. Ahots krudela, 80ko hamarkadako xarmadun gitarrak, saxoa han hemenka eta abesti soil zein itsaskorrak eta borobilak. Euskara hutsean abestua, kaskamotz iruditeriaz gain, zoritxarrez egun zaharkitu ez diren gaiak darabiltzate hitzek. Harrapatu itzazu biran eta erosi burua lehertaraziko dizun lurrazpiko diskatzar hau!

Esnatu - Hotza

Esnatu - Hotza

2024-12-18T19:39:22+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo