Cultura

Urtea lau begiraden bidez

Musikaz gainezka igaro dugun 2022. urtea amaitzear dagoela, gogoratu dezagun argazkien bitartez
Ben Yart bere kontzertuetako batean.

Kontzertuetako argazkilaritza arte adierazpen bat da bere horretan. Komunikazio helburuetatik haratago, urteen poderioz argazkilaritzaren zaletasuna zabaltzen joan da. Hala, Euskal Herrian sona handiko argazkilariak sortu dira: Jon Iraundegi, Tom Hagen, Dena Flows… Disfrutatzen dugun zuzeneko musikaren momentu iheskorrak harrapatzen saiatzen dira. Eta gurean horretatik ez da falta. Ospetsuak dira neurriz kanpo mitifikatutako 80ko hamarkadako eszenako irudi ikusgarriak, baina gaur egun ere, euskal musikak eta argazkilaritzak osasuntsu diraute. Horregatik, rankingetako lehiakortasunetik ihesi, urteko oroigarri sentimentala proposatuko dugu; aurtengo lau istant musikal eskaintzen dizkiguten bertako eta gaur egungo argazkilari aukeraketa bat. Kantu bat jartzerakoan, begiak itxi eta irudiz betetzen duzun une horietakoa. Edo argazkia ikustean, abestia burura datorkizunaren zirrara. Musikak memoriari soinu banda jartzen dion bezala, 2022ko lau momentutxo markoztatzeko. Datorren urtea aurtengoa bezain zaratatsu eta ikusgarria izango delakoan.

Ben Yart 

Anne Arguiñariz

Chill Mafiak pasa den urtean izan zuen hazkunde geldiezinaren ondotik, Ben Yart, Hofe eta koadrila guztiarena etorri da eta Ben Yartek bere hirian Sanferminetan kontzertua eman ahal izatea mugarri izan zen. Anne Arguiñariz argazkilariak Noticias de Navarran argitaratutako irudiak argi isla-tzen du artista honen zuzenekoa: desfasea. Edonora doazela, jaia, dantza, barreak eta alkohola eta droga gehiegikeriak ez dira falta. Annerentzat argazkigintza motibazio eta gainditze istorioa izan da, profesional bilakatu ahal izan den arte, hedabide handietarako argazkiak egiten.

Ben Yart Sanferminetako kontzertuan. Anne Arguiñariz

Vulk

Peio Goienetxea

Vulken diskotzarrak urte hasieran atera eta berehalako arrakasta izan zuen. Horri eta duten zuzeneko indartsu eta ikusgarriari esker, aurten ez dira gelditu estatu osoan zehar jotzen. Peio Goienetxea aka @post_peione underground argazkilari irribarretsuena izateaz gain, haien lagun mina da eta Vibora eta Crossed taldeei laguntzen die biretan. Barre artean dio eszenan parte hartzeko bere era dela argazkilaritza, kantatu, jo edo dantzatzen ez delako trebea. Bada, hori baino askoz gehiago da bere sorkuntza. Hardcore inguruko ezaugarri klasikoak ditu bere argazkilaritzak: angelu handiak, flashak, argi gutxi eta pogoetako irudi bortitzak.

Vulk taldearen zuzenekoa. Peio Goikoetxea

Rosalía 

Eider Iturriaga

Eider Iturriaga bermeotarra gurean dugun zuzeneko musikaren argazkilari trebe eta gogotsuenetarikoa da. Berri Txarraken azken biratik 'Berba eta irudia' liburua argitaratu zuen, mota guztietako kontzertu argazkiekin: kontzertu underground hurbilak edo agur emanaldi jendetsuak... Horrelakoetan urduritasuna areagotzen dela onartu du Iturriagak: baldintza horietan originala izateko zailtasuna, areto erraldoiak, publiko asko… Baina horrek ez zion galarazi BECen argazki ona ateratzea. Esperientziak laguntzen omen du. Eta noski, 2022ko protagonista nagusienetakoa izan den Rosalíaren aurpegiko keinuak: "¿Chica qué dices?"

Rosalía, BECen eskainitako kontzertuan. Eider Iturriaga

Zetak

Xabi Suarez

Zetaken arrakastaren zati handi bat, lantaldeak detaile guztiak sormenez lantzeko duen abilezian dago. Aurten egundoko ezustekoa eman zuten Bilboko Aste Nagusi betean Bomba Estereorekin argitaratutako 'Zoriontasuna abestia' txosnagunean zuzenean aurkeztean, abisatu barik. Han zegoen Xabier Suarez argazkilari deustuarra prest, eta tranbia geltoki gainean igotakoan, klisk! Xabierren lana @xsua_ izenpean ikusi daiteke, eta askotarikoa da: egunerokotasuneko konstunbrismoa, gizarte mugimenduak, eta nola ez, kontzertuak.

Zetakeko Pello Reparaz Bilboko Aste Nagusian. Xabi Suarez

15/12/2022