Energia eolikoaren sorkun-tza handiak, nazioarteko merkatuetan gas naturalaren beherakada lagun izanda, 2021eko abuztuaz geroztik azaro hau elektrizitate merkeenarekin ixtea ahalbidetuko du, nahiz eta oraindik ere nabarmen gainditzen diren krisi energetikoaren aurretik merkatu elektrikoak zituen balioak. Azaroan handizkako merkatuan erregistratutako batez besteko prezioa 124 eurokoa da megawatt orduko (MWh), eta horixe da baliorik merkeena, orain hamabost hilabete 2021eko abuztuan, pandemia gaindituta eskaria berreskuratu izanaren ondorioz elektrizitatea 106 eurotan ordaintzen zenetik.
Beherakada hori indar-sorkuntza eoliko handiari zor zaio, azken asteetan elektrizitate sorkuntza nazionalaren %50 kontzentratu duelako, baita gas naturalaren jaitsierari ere, hainbat egunetan azken urte eta erdiko preziorik baxuenak erregistratu baitira. Beraz, azaroko batez bestekoa 200 euro/MWh-tik azpikoa izango da bigarren hilabetez jarraian, inoizko hilabeterik garestiena izan zen (309 euro/MWh) joan den abuztua baino %60 txikiagoa, orduko prezioan eragin nabarmena izan baitzuten tenperatura altuek, gas-kontsumo handiagoak eta ekoizpen berriztagarri urriak, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan.
Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, kontinenteko potentzia ekonomiko handietan erregistratutakoak baino balio nabarmen txikiagoak izango ditu berriz ere Espainiak; izan ere, azaroaren bigarren hamabostaldian, batez beste, 200 euro/MWh-tik gora ibili baitira haiek, eta Espainian, berriz, 100 euro/MWh baino zertxobait gainetik. Espainiako merkatu elektrikoan oso eragin positiboa izan du, joan den ekainaren 15etik Espainian eta Portugalen elektrizitatea sortzera bideratutako gasaren prezioa mugatzen duen “mekanismo iberiar” delakoak. Tresna horri esker, azaroan elektrizitatearen batez bestekoa %17 txikiagoa izan da, gasa mugarik jarri gabe ordaindu beharko litzatekeen MW orduko 150 euroak baino.
Elektrizitatearen handizkako merkatuan erregistratutako prezioen jaitsiera horrek eragin zuzena izango du bigarren hilabetez merkatu arautuari (PVPC) atxikitako kontsumitzaile guztiek azaroan ordainduko duten argindarraren fakturan, eta ia urte eta erdian merkeena izan daiteke, hain zuzen ere 2021eko ekainetik hona.
Gauzak horrela, azaroa amaitzeko egun baten faltan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) elektrizitate-erreziboaren simulagailuaren arabera, 4,4 kilowatteko potentzia kontratatuta eta hilean 250 KWh-ko kontsumoa duen merkatu arautuko kontsumitzaile eredugarriarentzat, hilabete honetako faktura 62 euro ingurukoa izango omen da.
Inolaz ere, elektrizitatearen handizkako merkatua azken asteotan baretuta dabilen arren, krisi energetikoa lehertu aurretik erregistratutako balioen bikoitzetik gora daukagu, oraindik ere, azaroko prezioa. Zehazki, pandemiaren aurreko sei urteetan (2014-2019), Espainiako batez bestekoa 48 euro/MWh-koa izan zen.
Errusiak Ukraina inbaditu izanak are gehiago tenkatu du aurten energia-merkatua; abenduko datuen faltan, 217 euro/MWh-ko batez besteko prezioa du erregistratuta, krisiaren aurreko batez bestekoa baino lau bider handiagoa.