Buscar
Gipuzkoa

Usurbil 1936 elkarteak herriko gudalekuak berreskuratuko ditu

Pako Gomez, arkeologoa; Agurtzane Solaberrieta, alkatea, eta Ion Martin, Usurbil 1936ko kidea. Argazkia: N.G.
Pako Gomez, arkeologoa; Agurtzane Solaberrieta, alkatea, eta Ion Martin, Usurbil 1936ko kidea. Argazkia: N.G.

Usurbil – Gudalekuak garbitu eta berreskuratzea izango da Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren elkartearen ekaineko zeregin nagusia. Bost gudaleku dituzte identifikatuta Andatza mendian: bostak garbitu eta txukunduko dituzte, eta plaka bana jarri.

Horretarako, arkeologo talde bat kontratatu dute, baina atzo egindako agerraldi batean jakinarazi zutenez, lan horretan laguntzeko auzolan deialdia egingo dute. Aurrerago jakinaraziko dituzte zein izango diren auzolanerako egunak.

Laguntza eske berezi bat ere egin zuten. Izan ere, Andatza mendira materialak igotzeko auto handiak behar dituzte. Beraz, auzolanerako zein materiala igotzeko prest dauden herritarrei eurekin harremanetan jartzeko eskatu zieten, usurbil1936@gmail.com helbidera ida-tzita.

Ion Martinek, Usurbil 1936 elkarteko kideak, gudalekuak berreskuratzearen garrantzia nabarmendu zuen: "36ko gerrak Usurbilen utzitako ondorioak ikertzen gabiltzala, guretzat garrantzitsua da fusilatuak, erbesteratuak, atxilotuak... zeintzuk izan ziren identifikatzea eta ezagutaraztea, dagokien aitortza eta erreparazioa eman ahal izateko". "Baina harago ere joan nahi dugu, 36ko gerran faxistak herrira sartu zirelako, baina ez zirelako besterik gabe sartu. Erresistentzia topatu zuten bidean, hainbat gudaleku egon ziren, eta horiek ere ezagutarazi nahi ditugu, gure memoria historikoa ahalik eta osatuena izan dadin", gaineratu zuen.

Lau lagunek osatzen dute gudalekuen berreskuratzea gidatuko duen taldea. Hiru arkeologok (Pako Gomez Diez, Ada Richaud eta Aitziber Gonzalez) eta 36ko gerran aditua den Xabier Herrero historialariak. Gomezek azaldu zuenez, udazkenaz geroztik ari dira Usurbil 1936 elkartearekin elkarlanean. l

2022-05-27T13:16:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo