Gipuzkoa

Usurbil Bizi Planak osatzera pasatuko da, zerbitzu soilak eskaini ordez

Helburua zaintza beharrean den pertsonari erabakimena ematea da

Usurbilgo Udala arreta zerbitzuak soilik eskaintzetik Bizi Planak osatzera pasatuko da, hemendik aurrera. Hainbat urtetako lanketaren ostean sortutako tresna da Bizi Plana, zaintza beharrean den pertsonari erabakimena emateko sortua.

Horren berri emateaz gain, azken urteotan egindako lana erakusten duen Usurbil, herri zaintzailea dokumentala ikusgai jarri da sarean, baita martxoaren 29an burututako Usurbil, herri zaintzailea ekitaldia, osorik. Era berean, eduki guztiak azaltzeko eskuorria banatu dute etxe guztietara.

Koordinazioa eta saretzea

Udaletik aditzera eman dutenez, Bizi Planak osatu ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona baten zaintzan zeresana duten pertsona eta eragile guztiak saretzea; hots, tokiko ekosistema baten bueltan lanean aritzea, erdigunean zaintza behar duten pertsonak kokatuz.

Horrek herrian lanean ari diren zaintza zerbitzu eta eragile ezberdinen koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatzea eskatzen du, antolaketa eta egitura berri bat sortuz. Udala horretan aritu da azken urteetan, eta ondorioz, ikuspegi ekosistemikoa aintzat hartuta aritzen diren hainbat lantalde sortu dira: Zuzeneko arretan ari diren langileen koordinaziorako mahaia (Egurtzegi, Eguneko Arreta, Eguneko Zentroa, etxez etxeko zerbitzua, esperientzia eskola, oroimen tailerra...); Koordinazio soziosanitariorako taldea, gizarte langileek eta herriko mediku eta erizainek osatua; Zaintza komunitarioaren lantaldea; Zaintza behar duten pertsonen lantaldea; Zaintzaile profesionalen lantaldea eta Zaintzaile afektiboen lantaldea.

Talde horiek guztiak lotuta daude euren artean, eta denen arteko koordinazioaz arduratzen da udaleko erreferentziazko gizarte langilea. 

Lizitazio berriak

Era berean, beharrezkoa da zaintza zerbitzuek ekosistemaren arabera lan egitea: Udalak eskaintzen dituen zaintza zerbitzuen lizitazio berriak ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokitu ditu. Orain arte enpresen borondateak eta atxikimenduak egin du posible, eta aurrerantzean, betebehar gisa eskatuko zaie.

Udalaren aburuz, garrantzitsua da, halaber, etxeko arretan eragitea. Izan ere, prestazio ekonomiko bidez etxeko arretan lanean ari diren langileak ekosistemaren antolaketa berrira ekarri eta ekosistemaren parte bihurtu nahi dituzte.

Eredua eraldatzeko unea

Udalak hainbat urte eman ditu, hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean, zaintza eredua eraldatzeko lanketan. Partaidetza prozesu bat bultzatu zuen 2021-2022 artean, eta 2023-2024 urteetan eredu berriaren inplementazioari ekin zion. Orain, arreta eredua eraldatzeko unea iritsi da, eta martxoaren 29ko ekitaldia horretarako mugarri izango da.

Eredu berriaren oinarriak ezarri ziren partaidetza prozesuan. Batetik, zaintza beharrean den pertsonari erabakimena ematea, eta, bestetik, eraldaketa begirada feminista eta antiarrazistatik egitea, alegia, guztien zaintza beharrak bermatuz, inor zapaldu gabe. Era berean, iraupen luzeko zainketen iraunkortasuna bermatzeko asmoa lukeen tokiko ekosistema bat osatzea izan da helburua, “etxean bezalako” alternatibak edo ekipamenduak kontuan hartuko dituena.

2025-04-09T18:56:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo