Usurbilgo Udalak eta Kafe Tertuliak agerraldi jendetsua egin dute, Santixabel jaien bezperan, eraso matxistarik gabeko festen alde, eta elkarrekin egindako lanketaren berri eman dute.
Batetik, sexu erasoen aurkako lan saioak egin dituzte, Sortzen elkarteak dinamizatuta. Bestetik, sexu erasoen aurkako gida bat banatu dute etxez etxe. Horrez gain, Sagardo Egunean egin bezala, sexu erasoen aurkako guneak jarriko dituzte bihar eta etzi.
Konkretuki, Indarkeria sexistarik gabeko gunea, Emaginek kudeatuta, bihar 17.00etatik 22.00etara eta larunbatean 17.00etatik 21.00etara zabalik egongo da.
Gainera, larunbatean Murgibe elkarteko Beldur Barik guneak 23.00etatik 3.00etara zerbitzua emango du.
Kafe Tertuliako kideek nabarmendu dutenez, mugimendu feministak egindako lanari esker gizartean gero eta kontzientzia handiagoa dago, baina oraindik badela zer egina. Hori dela eta, Udalarekin elkarlanean aipatutako ekimenak martxan jarri dituzte.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azpimarratu duenez, Udalak garrantzi berezia ematen dio herritar guztiek festez gozatzeko duten eskubideari. Izan ere, “gaur egun oraindik ere, festa giroa ez da berdin izaten guztiontzat”, bere esanetan. “Neska gazteek aitortzen dute oraindik ere jaiak eta gaua ez direla eurenak: irteten diren bakoitzean espazio horiek eskuratzeko borroka neketsua egin behar dute, eta aisialdirako gune horiek askotan kontrako eremu bezala bizi dituzte”, aipatu du.