Gipuzkoa

Usurbilek 13,22 milioiko aurrekontu altua onartu du

2023an estrategikoak diren proiektuei “bultzada berezia” emago zaie, Txirikordari adibidez
Txirikorda eraikina, zeina datorren urtean martxan jarriko den. | ARGAZKIA: N.G.

Hilabete honetako osoko bilkuran Usurbilgo Udalak 2023rako udal aurrekontuak onartu zituen, EH Bilduren botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen eta PSE-EEk absten-tziora jo zuen. Hala, Udalak 13,22 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino %2,2 handiagoa (284.200 euro gehiago).

Igoera horren atzean hiru arrazoi nagusi daude: foru funtsaren igoera, enpresa elektrikoen tasen igoera eta Zapategi industrialki garatzeko lortutako akordioari esker Udalak izango duen ezohiko diru-sarrera.

Udal Gobernuak gogorazi zuenez, aurrekontu proposamena aurkezteko bederatzi bilera egin zituen azaroan, eta oposizioko alderdiei ekarpenak egiteko aukera eman zieten. PSE-EEren hainbat emendakinen inguruko adostasuna lortu zuten eta jasota geratu dira Udalbatzak onartutako dokumentuan.

Ainhoa Arrozpide zinegotziak azaldu zuenez, Zapategiri esker hainbat proiektu estrategikori “bultzada berezia” ematea ahalbidetuko du eta beste urte batez inbertsioen kapituluak “pisu handia” izango du. Besteak beste, Txirikorda ekipatzeko 157.000 euro jaso dira.

Obrak bide onean doaz, eta esleipenak egiteko ordenantzari ere bide eman zioten urriko osoko bilkuran. Datorren urtean, herritarrak bertan bizitzen hasteko moduan egongo da, eta, beraz, oinarrizko ekipamenduak jartzeko bideratuko dute inbertsio hau.

Gainera, Aldundiak, Matiak eta Usurbilgo Udalak sinatutako akordioaren baitan, 480.000 euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du Udalak Kalezarko igogailua eraikitzeko.

2022ko aurrekontuetan 150.000 euro jaso ziren, beste horrenbeste 2023koetan, eta 2024an, berriz, 180.000 euro gehiago izango dira.

31/12/2022