Gipuzkoa

Usurbilek adimen urritasuna duen pertsona bat kontratatu du

Udala ‘Pauso Berriak’ programara atxiki da gizatalde honen gizarteratzean laguntzeko
Asier Berraondo, kale garbiketa egiten. | ARGAZKIA: N.G.

Gureak eta Atzegi erakundeen elkarlanean sustatutako Pauso Berriak programarekin bat egin du Usurbilgo Udalak. Programa honek adimen desgaitasuna duten pertsonak ingurune arruntean laneratzearen aldeko apustua egiten du. Honela, haien garapen pertsonala eta soziala bultzatzen da.

Udalak programarekin bat eginda, hasia da bere praktikaldia egiten langile berria, Asier Berraondo lasarteoriatarra. Hurrengo urteko udaberrira bitartean izango da bertan, era askotako lanak egiten.

Pauso Berriak programarekin, lau hilabeteko prestakuntza jasotzen dute parte-hartzaileek. Batez ere, autonomia lantzen dute, praktikaldian egingo dituzten lanetarako prestakuntza jasotzearekin batera. Enpresa edo erakundeetan egiten duten praktikaldia, berriz, urtebete ingurukoa izaten da.

Ohi bezala, udaleko langileak ezagutu zituen Berraondok bere lehenengo egunean. Bi aste inguru dira langilea udalean lanean hasi denetik, eta hainbat sailetan aritzen da: kale garbiketan, liburutegiko hainbat zereginetan, zein gizarte zerbi-tzuetako eta udaletxeko era askotako lanetan.

Udaletik jakinarazi dutenez, goizero egiten ditu lan horiek, atsedenerako tartea barne. Pixkanaka, herria eta eraikinak ezagutu ahala, gero eta autonomoagoa da Berraondo ere, lanerako zein Usurbilera joan-etorriko bidaia egiteko.

Ez da lehenengo aldia Berraondok Pauso Berriak programan parte hartzen duela, Zabalegin ibilia da.

Programa hau 2010ean sortu zuten Gureak eta Atzegik eta bere helburua gizartea eraldatzeko gaitasuna izango duten eredu inklusibo, ikusgarri eta positiboak sortzea da. Ekimena ingurune arrunteko okupazio-zerbitzuaren barruan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dago.

Programa honetan, Usurbilgo Udalaz gain, eskualdean Andoaingo, Hernaniko eta Lasarte-Oriako Udalek parte hartzen dute, baita Gipuzkoako enpresa txiki, ertain eta handiek ere. Sukaldaritza eskola edo jatetxe ezagun asko batu dira ekimenera. Ikastolak eta era askotako erakundeak ere programa honen laguntzaile dira.

13/07/2022