Apirilaren 1etik aurrera bake epaitegiek ezingo dute ezkontzarik gidatu, eta, ondorioz, Usurbilen ezkontza zibilak ospatzeko aukera bakarra udaletxean egitea izango da, alkateak edo zinegotzi batek gidatuta. Ezkontzak ospatzeko eskaerak gero eta gehiago direla jabetuta, araudia osatu du Udalak eta martxoko osoko bilkuran onartu zen. Erabakia jendaurreko epean jarriko da, indarrean sartu aurretik.
Dokumentuan jasota agertzen den bezala, ezkontzak egiteko ohiko tokia udaletxeko osoko bilkuren aretoa izango da. Bikoteek lorez apaindu ahal izango dute osoko bilkuren aretoa, eta amaitutakoan, aretoa zegoen egoera berean utzi beharko dute.
Era berean, erabat debekatuta egongo da zeremoniaren irteeran (udaletxeko eskaileretan, plazan edo beheko aldean) arroza, lore-azalak edo antzeko beste edozein produktu botatzea. Bikotearena izango da horren ardura, eta betetzen ez dutenei aurrez jarritako fidantza konfiskatuko zaie.
Egutegia
Ezkontzak egiteko egunak eta ordutegia ere zehaztu dituzte ordenantzan. Aukeretako bat jaiegun ez diren ostiraletan egitea izango da, 12.00etatik 14.00etara, aste santuan, gabonetan eta herriko jaietan izan ezik. Bigarren aukera, jaiegun ez diren hileko bigarren larunbatean egitea izango da, 11.30etik 13.00etara, aste santuan, gabonetan eta herriko jaietan izan ezik. Bestelako egun edo ordutegian egin ahal izateko, ezkontzen duen agintariaren adostasunarekin izan beharko du.
Halaber, Udalak beretzat gordeko du ezkontzaren eguna, ordua edo lekua bertan behera utzi edo aldatzeko eskubidea, interes orokorreko arrazoiengatik edo gobernu-organoen bilkurekin bat etortzeagatik edo alkate edo zinegotziaren agenda arazoengatik. Ekitaldiak, gehienez, 30 minutu iraungo du.
Baldintzak
Usurbilgo udaletxean ezkontzeko ezinbesteko baldintza izango da ezkongaietako bat bertan erroldatuta egotea. Baldintza hori betetzen ez denean, bertan ezkontzeko aukera emango zaie herrian 10 urtez (etenik gabe) edo 15 urtez (etenekin) erroldatuta egon izan direnei, azken bost urteetan Usurbilen hiru urtez lan egin eta kontratua indarrean dutenei edo etxebizitza bat Usurbilen jabetzan dutenei.
Ezkontideen ardura izango da ezkontza egiteko baimen judiziala izapidetzea. Bake epaitegian egin ahal izango dute, ezkontideetako bat gutxienez Usurbilen erroldatuta badago; ez badago, Erregistro Zibilean edo edozein udalerritako erakunde judizial eskudunean egin beharko dute. Edozein kasutan, ospakizuna Usurbilgo udaletxean egin nahi dutela adierazi beharko dute. Horrez gain, udaletxean idatziz eskatu beharko dute, ezkontza egin baino bi hilabete lehenago gutxienez, eta ez zortzi hilabete baino lehen.
Ekitaldia egiteko baimenak emango dira eskaerak aurkeztu diren dataren hurrenkeraren arabera. Baimenak emandakoan, bikoteek 100 euroko fidantza bat jarri beharko dute: ezkontza ospatu eta hirugarren egunetik aurrera itzuliko da, ordenantzak ezarritako betebeharrak betetzen badira.